-Lehenik eta behin, nola sentitzen zaren eta zein da klubeko egonaldiaren lehen balorazioa.

Lehenik eta behin, eskertua sentitzen naiz; izan ere, klubak maila berdinean entrenatzen jarraitzeko aukera eman dit. Horrez gain, “aske” sentitzen naiz nire ideiak jorratu eta ikuspuntua garatzerako orduan; era horretan, taldearen beharrak eta erritmoa ezagutzetik abiatuz egokien iksuten dugun erara lan egiteko aukera dugula sentitzen dut. Gainera, klubean oro har oso eroso sentiarazten didate, bai zuzendaritzatik emandako babesaren bitartez zein egunerokotasunean koinziditzen ditudan langileekiko harremanarekin. 


-Orain arte denboraldiak eman duenaren balorazio orokorra.

Hasieratik argi geneukan gure taldea partida baten barruko egoera ezberdinetara moldatzea nahi genuela; hots, erregistro desberdinak uztartzeko gai izatea. Hartara, aintzat hartu behar dugu horrek denbora eta pazientzia handia izatea daramala, ideiak ulertu eta menperatzeko; bide horretan, entrenamendu saioekin eta egunerokotasuneko errutinarekin oso pozik nago, jokalariak bikain lan egin eta arreta handiz jarduten dutelako, ikasteko gogo handiarekin eta sinistuz. Puntuei dagokionez, seguraski baten bat gehiago izatea gustatuko litzaiguke, baina egiari zor, partida guztietan lehiatu dugu eta soilik Danok Bat izan da orain arte gu irabazteko gai izan den talde bakarra.


-Nola ikusten duzu aurtengo Jubenil Nazional liga?

Oso kategoria parekatua dugu aurrean: lehen sailkatuek ere une zailak izaten dituzte denboraldian zehar, eta egitura profesionaletako B taldeak, azken urteko oinarria duten klub indartsuak, Ohorezko Mailakoak izan diren egiturak, belaunaldiz belaunaldi gora eta behera egiten dutenak, etab. nahasten dira. Horren ondorioz, partida bakoitza oso zaila izaten da, eta emaitzak ezin dira aurreikusi, exijentzia izugarriarekin aurre egin behar zaiolarik partidetako bakoitzari.


-Zein da Staff Teknikoari dagokionean egiten duzun balorazioa?

Oso eroso sentitzen naiz eta sintoniaren kontzeptuan laburbilduko nuke gure arteko egunerokotasuneko harremana. Bakoitzak bere funtzioak modu bikainean betetzen ditu, eta elkarri asko entzuten, galdetzen eta konfidatzen diogu. Pozik nago; izan ere, sen onetik eta entzute aktibotik, staff-aren barruan oso giro ona dago, eta oso konprometituta eta elkartuta gaude eguneroko erronkei nahiz lehiaketari dagozkionei aurre egiteko.


-Zein dira etorkizunari begira taldearekiko dituzun espektatibak?

Taldea hobera joatea nahi dut, hobetu daitezkeen gauzak detektatuz eta alderdi defizitarioen inguruan eraikiz. Hortik, banakako beharrak ideia kolektiboarekin osatuko ditugu. Jokalari talentudunak dira, nortasun eta ikasteko gogo handikoak; beraz, taldea osatzen dutenek dituzten indargune horiekin, eta landutako eta kontrolatutako ideia kolektiboekin bat eginez, uste dugu beti prest egongo garela ondo lehiatzeko; azken finean, astez aste xehetasunetan hobetzea bilatzen ari gara, taldea kolektiboki joan den astean baino hobea izan dadin. Jokalariek inplikazio horrekin jarraitzen dutenetik eta egunerokotasuneko lana ardatz izanik, helburua argia da: geratzen diren partida guztiak lehiatzen jarraitzea eta lanetik sailkapenaren goiko aldean sartzen saiatzea.