
Atsegin handiz jaso gaitu zoriontsu ikusten zaion futbolari batek; Alex Petxarroman (Donostia, 1997) tipo hurbila, langilea eta apala da. Lehen urratsak Antiguokon egin zituen, eta klub horrekiko maitasun berezia du oraindik; hortik aurrera, eman dituen pauso ezberdinek futbol profesionalera iristeko balio izan diote, gaur egun Hypermotion Ligako Andorra F.C. taldean arituz.
Zer moduz zaude sasoi honetan?
Egia esan, oso ondo nago. Bigarren urtea dut klubean, Andorran, eta, egia esan, hasieratik etxean bezala sentitu naiz eta oso gustura erejokatzeko ereduarekin. Gainera, aurreko denboraldian ez bezala, honetan oraingoz lesioek errespetatzen naute, eta, horregatik, asko gozatzen ari naiz, minutuak izaten eta parte hartzen.
Eta nola ikusten duzu zure taldea?
Denboraldia oso ondo hasi genuen, hiru garaipen jarraian lortu genituen, jokoan zeuden 9 puntuetattik 9ak lortuz. Hala ere, bolada txarra igaro dugu emaitzei dagokienez eta baita, neurri batean, jokoari dagokionez ere. Hala ere, taldea osatu egin da eta azken aste hauetan sentsazio onak izaten ari gara eta bide beretik jarraitzea espero dugu.
Azken finean, denboraldi honetan jende berri asko sartu da, 12 jokalari inguru esango nuke. Aldaketa horrek pazientzia eskatzen du; izan ere, gurea joko-estilo konplexua da, egokitzapen-prozesu garrantzitsua eskatzen du eta prozesu horretan murgilduta gaude oraindik. Hala eta guztiz ere, jende gaztea dago, maila handikoa eta jokatzeko eredua gustuko duena, eta ziur gaude hortik abiatuta astero hobetzen joango garela.
Zer aipa dezakezu Hypermotion Ligaz?
Sailkapena ikustea besterik ez da behar berdintasun handiko liga bat dela egiaztatzeko, non partida bakoitza irabaztea izugarri kostatzen den, eta batez ere etxetik kanpokoak. Taldeek ideiak oso argi dituzte eta aurkariak oso gogorrak dira; gainera, urtetik urtera talde “handiagoek” (Espanyol, Zaragoza, Valladolid etab.) osatzen dutela esango nuke. Bestalde, azpimarratuko nuke liga osatzen duten taldeen kopuruak lehiaketa beraren garapena luzea egiten duela, are gehiago igoerako play-offa jokatzen duten taldeen kasuan. Beraz, exijentzia izugarriarekin eta mentalitate oso indartsuarekin egin behar zaio aurre.
Nola bizi da futbola Andorran? Eta hortik kanpo, nola definituko zenuke hango bizitza?
Futbol-giroari dagokionez, kontuan izan behar da Andorran ia ez dagoela futbolarekiko zaletasunik; hala ere, tradizio hori gorabehera, taldeari jarraitzen dioten eta Estadi Nacional-era joaten diren zaleen kopurua in crescendo doa, taldeak azken urte batzuk baitaramatza emaitza bikainekin eta gaur egun futbol profesionalean egoteak, nahi ala ez, beti erakartzen du jendea. Beraz, testuingurua desberdina da eta, jakina, ez du zerikusirik Euskal Herriko futbolarekin, baina guk ere lan egiten dugu astero animatzen gaituzten guztiei pozak emateko.
Hemengo bizitza lasaitasunaren kontzeptuan laburbilduko nuke. Giro osasuntsua eta, esan dudan bezala, oso lasaia; beraz, gazteentzat “distrakzio” gutxiko lekua da, zure lanbidean zentratzea errazten duen faktorea izanik. Egia da orain hotza datorrela eta egun eta aste batzuk gogorrak egiten direla. Azkenean ni gehiago naiz hondartzakoa mendikoa baino, baina gustua ere hartu diot eta ez dut kexarik, egia esan, eta ea gauzak ondo doazen eta beste urte batzuk gehiago hemen gera naitekeen.
Nolakoa da zure egunerokotasuna Andorran?
Lasaitasunetik ere laburbil dezaket. Goiz esnatzen naiz, txakurra paseatzera ateratzen dut, gosaldu, entrenatu eta bazkaldu egiten dut klubeko instalazioetan. Ondoren, arratsaldeko lehen orduan etxera itzultzen naiz atseden hartzera. Arratsaldean ez da enbarazu izaten etxean orduak igarotzera; bestalde, txakurra paseatzera itzultzen naiz berriro edo batzuetan lagun edo kideren batekin zerbait hartzeko ere aprobetxatzen dut. Esan bezala, nahiko gustatzen zait etxean egotea, eta denbora dezente ematen dut hor, bidaiatzea tokatzen zaidan asteak kenduta, bisitante gisa urrutira joatea tokatzen baita ia beti.
Zer oroitzapen dituzu Antiguokon jokatu zenuen garaiaz?
Maitasunez gogoratzen dudan etapa da; are gehiago, garai hartako lagunak ditut oraindik. Benjamin etapan heldu nintzenetik, umea nintzela, dena bikain joan zitzaidan entrenatzaile, kide eta langileekin; adibidez, oso oroitzapen onak ditut Beñat San Joserekin, gaur egun Bolivian entrenatzen ari dena eta kapitain egin ninduena. Azken batean, iritsi nintzenetik bikainki babestu ninduen kluba da, eta, finean, oso urte politak izan ziren.
Anekdota gisa, sekulako esperientzia izan zen Anoetan jokatzea. Partida horretan (infantil kategorian esango nuke) penaltietan Donosti Cup txapelketa irabazi genuen, nire gol batekin tartean. Horretaz gain, nire bi anaiek ere Antiguokon jokatu zuten eta etxean asko estimatzen dute kluba, hirurok esker oneko hitzak besterik ez baititugu.
Klubaren egunerokotasuna jarraitzen duzu?
Donostian izan naizen urteetan ikusi ahal izan dut Antiguokok oso maila altuan jarraitu duela lehiatzen, eta hori Berion egunez egun egiten den lanaren emaitza da. Gaur egun, Donostian bizi ez naizenez, gehiago kostatzen da klubeko taldeen nondik norakoak in situ jarraitzea, baina lagunak ditut klubaren barruan entrenatzen, eta hainbat talderen lehiaketaren garapenaren berri daukat. Iaz, esaterako, Ohorezko Jubenilen Errege Kopako partidaz gozatu ahal izan zen Berion, eta espero dezagun aurten ere lortzea, taldea oso bide onetik baitoa.

