
Emaitza positiboak eta beste aste bat porrota ezagutu gabe emakumezkoen egituran, 3 garaipen eta 2 berdinketako balantzearekin. Talde guztiek jarraitzen dute euren sailkapenaren goialdean. Jarrai dezagun horrela.
OHOREZKO KADETEA 3 – 2 TOLOSA C.F.
Partida zirraragarria larunbat goizean Berion bizi genuena. Hasieran asko kostatu zitzaien gureei baloia jokatuta ateratzea tolosarren presio aurreratuaren ondorioz. Talde bakoitzak gol aukera nabarmena izan zuen, baina ondoren talde urdinak lortu zuen aurreratzea. Pozak gutxi iraun zuen ordea, talde bisitariak jarraian berdindu baitzuen. 1-1 atsedenaldian.
Bigarren zatian joko zuzenagoa ikusi genuen bi aurkarien aldetik. Gurruren taldea aurreratu zen alboko falta baten bidez eta berriz ere tolosarrak berdintzea lortu zuten gure atzealdeak ondo urrundu ez zuen baloi luze baten bidez. Hala ere, Castillok egindako golak 3-2koa finkatu zuen markagailuan, alboko falta batean baloia ondo errematatuta. Partida ona Tolosa oso on baten aurka, eta hiru puntuei balioa eman behar zaie.
USURBIL F.T. 0 – 2 LEHEN KADETEA
Cotiren taldeak fase honetako lehen partida jokatu zuen. Taldea ez zen ohiko txinpartarekin ikusi, zirkulazioan arintasun gutxirekin eta aukera askorik sortu gabe. Hala ere, geldikako ekintza batean Juneren gol bati esker aldagelara joan ziren markagailua alde zutela.
Gidoia ez zen asko aldatu bigarren zatian, baina egia da usurbildarrek metroak irabazi zituztela eta, ondorioz, aurkariaren zelaian gehiago jokatu zutela. Hala ere, gure defentsa sendo mantendu zen partida osoan eta ez zuen aukerarik sortzen utzi. Bigarren gola Anzaren jokaldi bikainaren ondorio izan zen penalti baten bitartez etorri zen, Carlotak sareratu zuelarik baloia. Ondorioz, garaipena fase berri honetako debutean. Zorionak, neskak.
INTXAURDI K.E. 0 – 2 INFANTILA F-11
Horrelako partida batean gerta daitekeen ezbeharrik okerrenarekin hasi zen norgehiagoka. Izan ere, lehen minutuetan gola jaso zuten urdinek aurka, baina eskuin aldetik ondo iritsi ondoren Maialen eta Oihanerentaldeak neurketa berdindu zuen Itxasoren gol batekin area bikainki okupatu ostean. Lehen zatia oso zorrotza izan zen defentsa lanetan, eta gureek ondo egituratutako kontraerasoen bidez jakin zuten min egiten.
Bigarren zatian, auzia asko aldatu zen eta gureak baloiaren jabe egin ziren, bere ohiko jokora jolastuz eta eroso sentituz. Itxasok Ane Murilloren baloi bikain bat bigarren zutoinera sartzeko ardura hartu zuen Ane eta 1-2koa jarri zuen. Baina partida hauek xehetasunen arabera erabakitzen dira eta bigarren zatian aurka jasotako jaurtiketa bakarrak 2-2koa jarri zuen etxekoen alde. Ez da, seguruenik, taldeak merezi izan zuen emaitza, baina zelaian erakutsi eta emandakoarekin geratu behar da. Denok batera lanean jarraitu behar dugu, eta hurrengo helburuari begira: Aitzondo.
INFANTILA F-8 2 – 2 GOIERRI GORRI F.K.
Jonen taldearentzat berdinketa La Sallen Goierri Gorriren aurka jokatutako partidan. Arerioak defentsan lan ona egin zuen eta fisikoki oso indartsu izatea erakutsi zuen. Ondorioz, gureei hasieran kosta egin zitzaien baloia ondo mugitzea eta egoera argiak sortzea. Lehen bi zatitan 0-2 aurreratzea lortu zuten bisitariek, baina azken zatian gureek erritmoa bizitu zuten, aukerak sortzen hasi ziren eta, izaera eta harrotasuna aterata, lehia berdindu ahal izan zuten. 2-2 eta baloratu beharreko puntua aurkari zail baten aurrean.

