
Azken hiru punton eskertzea egiteko garaia iritsi zaigu Emakumezkoen Euskal Liga konplexuan parte hartu duen talde
eder honi. Denboraldi luze, neketsu eta zailtasunez josia izan arren eguneroko lanak bere fruituak eman eta
estrukturako lehen taldeak duintasun eta meritu ikaragarria duen seigarren postuan amaitu dute ikasturtea. Lan handia
eta ona egin du taldeak eta horregatik lerro hauetatik eskertza mezua helarazi nahi genieke bai jokalari eta teknikariei
ere aste luzetan eta egunerokoan egindako lan nekaezinagatik.
Partiduari dagokionean etxean geure bizilagunk diren Añorga KKE-ren bigarren taldearen aurka jokatutako
norgehiagoka izan genuen Berion eta taldeak agur esan dio denboraldiari garaipen on batekin. Taldeak ilusioz ekin
zion aurrez jarritako erronka lortzeko asmoz: sailkapeneko lehen sei postuen artean amaitzea. Hala ere, lehen zatian
ez zen bere jokoa garatzeko gai izan, eta Añorgak, geldikako jokaldi batean, markagailuan aurrea hartu zuen
atsedenaldira iritsi aurretik.
Bigarren zatian, ordea, neurketaren norabidea aldatu egin zen. 64. minutuan, Ainhoak berdinketa lortu zuen lagapen
jokaldi batean. Hortik aurrera, taldea erasoan murgildu zen erabat, eta bost minutu geroago, Leirek aldaratze batean
sartutako golari esker, 2-1ekoa ezarri zuen, azken emaitza izango zena.
Handik aurrera, taldea sendo egon zen, eta nahiz eta Añorgak aukeraren bat sortu, kontraerasoan aukera izan zuen
alde handiagoz irabazteko, baina ez zen hala gertatu. Azkenean, 2-1eko emaitzarekin amaitu zen partida eta ondorioz,
liga denboraldia.
Liga honen amaieran, hitzak motz geratzen dira talde honek erakutsi duen guztiaren aurrean. Hala ere, bihotzez
esandako eskerrak beti aurkitzen dute euren bidea.
Jokalariei, zuei, talde honen arima eta motor izan zaretenoi, mila esker. Eguneroko lanean erakutsitako
konpromisoa, entrenamendu bakoitzean jarritako indarra eta momenturik zailenetan ere erakutsitako kemena
eredugarriak izan dira. Ez duzue soilik lehiatu; elkar zaindu duzue, elkar bultzatu, eta benetako talde bat zer den
erakutsi duzue.
Entrenatzaileei, zuen gidaritza, lana eta ikuspegia ezinbestekoak izan dira bide honetan. Taldea hazten lagundu
duzue, ez bakarrik futbolari gisa, baita pertsona gisa ere. Zuen lan isilak, askotan ikusten ez denak, oinarri sendoak
eraiki ditu gaur ikusten dugun guztiarentzat. Eta oraindik ere baditugu erronkak, Euskal Kopa txapelketa dugu
begiradapean eta beraz, denboraldia oraindik ez da amaitu.
Eskerrik asko bihotzez egindako lanagatik, ilusioa pizteagatik eta erakusteagatik zer den talde bat izatea. Bide honek
jarraipena izango du oraindik, baina bizitakoa betiko geratuko da.
Lortutako guztiaren eskertza.

