Asteburu interesgarria izan zen gizonezkoen egitura osatzen duten gure taldeentzat, bi garaipen, berdinketa bat, bi porrot eta atseden bateko balantzearekin garatu zena. Nabarmentzekoa da bigarren taldeak Lezaman lortutako garaipen handia, eszenatoki zaila eta urrezko puntuak lortuz. Hurrengo lerroetan laburbilduko dugu jardunaldi entretenigarri honetan gertatutakoa.


ATHLETIC CLUB B 2 – 3 B JUBENILA

Garaipen handia lortu zuen Unai Gazpioren bigarren taldeak Lezamako instalazio ederretan. Bertan, 2-3ko emaitza bikaina erdietsi, etxetik kanpo hiru puntu oso baliotsu lortzeko eta etorkizuneko konpromisoei benetako baikortasunez aurre egiteko. Lehen denbora oso paretsua izan zen, eta lerro bateratuak zituzten gureak behar bezala  kokatu ziren berdegunean, trantsizio azkar eta eraginkorrak eginez, behin baino gehiagotan bizkaitarren atea mehatxatuz. Ia lehen zatia amaitzear zegoenean, Enaitzek kontraeraso handi bat amaitu zuen atsedenaldiaren atarian markagailuan aurretik jartzeko. Aldageletatik bueltan, lehoiek neurketa berdindu zuten 56. minuturako, baina taldeak sinesten jarraitu eta Lucasen bitartez 1-3ko abantaila lortu genuen etxeko taldeak denbora gehigarrian aldea murrizteko. Azken txistua eta garaipen handia gureentzat. Zorionak denoi.


 C JUBENILA 1 – 6 HONDARRIBIA F.E.

Gazteen Euskal Ligako taldeak Hondarribiako mugakoen aurka jokatu zuen jardunaldiari dagokionez, hirugarren egiturak kolpe latza hartu zuen. Ez zen partida gaizki hasi, ezta gutxiago ere, Markelen bitartez aurreratu ahal izan baikinen hamaikagarren minutuan. Hala ere, talde berdeak azkar berdindu zuen norgehiagoka, 1-2 joan ginen etxoletara, eta bigarren zatian, haize-bolada baten moduan, aurkako golak bata bestearen atzetik etorri ziren, partidako une bakar batean ere ezin izan genituenak gelditu. Ahazteko partida izan zen, zeinak ez duen Clavelen taldea izaten ari zen denboraldi hasiera bikaina lausotu behar eta ziur hurrengo partidatik aurrera bolada onari berriro ekingo diogula.


KOSTKAS – MIREN BIHOTZA C.D. 0 – 0 A KADETEA

Iker Mendiluzeren taldeak lehen puntuak utzi ditu Matigoxotegi zelai beti zail eta zorrotzean, non gureek ez zuten batere neurketa ona egin. Etxeko taldea oso nagusi izan zen lehen zatian, partiduko jaun eta jabe izan zirelarik dudarik gabe. Markagailua ez zen mugitu eta aldagelan egoera batzuk zuzendu ahal izan genituen, bigarren denborari begira maila hobetu ahal izan genuelarik. Bigarren zatian geure jokalarientzako abagune argiak iritsi eta bi jokalditan, area bakoitzean bat, izandako polemikak, epaileak golik ez dekretatzea erabaki zuen. Berdinketa justua beraz bakoitzaren merituei dagokienez eta datorren astean Athleticen aurka larunbata eguerdian Berion jokatuko den partidari begira gaude dagoeneko. Indarrak berreskuratu eta aurrera.


HERNANI C.D. 4 – 1 B KADETEA

Igandeko jardunaldi bero honetan, bigarren irteera oso zail bati egin behar genion aurre Zubipeko futbol zelaian, bertan puntu guztiak batu dituen CD Hernaniren aurka. Partiduaren hasiera ez zen ona izan  etxeko taldeak bloke baxuan defendatuz barrutik aurrera egiteko eta abantailak kanpotik bilatzeko oztopo asko jartzen zizkigun. Modu ez errealean menderatzen genuen neurketa, ez baikinen gai aukerak sortzeko, eta, gainera, baloia galtzen genuen bakoitzean, oso azkar ibiltzen ziren baloi zuzenekin gure akatsa bilatzen, hain zuzen ere, lehen gola iritsi zen bezala. Partida aurrera zihoan bitartean, pixkanaka aurkaria ahultzea lortu genuen, baina baloi geldi batean 2-0ekoa lortu zuten. Ez genuen amore eman, 2-1ekoa sartu genuen gol olinpiko zoragarri batekin eta bultzaka aritu ginen, berdinketaren bila, hegaleko jokaldi batean ia partida itxi zuen 3-1ekoa sartu ziguten arte. Azken emaitza 4-1ekoa izan zen aurkako penalti batekin. Gure akatsetatik ikasteko, hausnartzeko eta taldearen jarduera ez on bati buelta emateko partida.


BETI ONA C.D 0 – 2 INFANTIL B

Partida ongi joan zen Uritzen taldearentzat huts eta bikoarekin, hasierako gola eta azken txanpan beste bat lortu genuelarik, etxeko talde oreretarraren aurka garaipena eman ziguna. Garaipena  berrio ere beraz geure infantil  txikiarentzat, futbol 11 modalitate berrira modu positiboan egokitzeko prozesuan aurrerapausoak ematen ari dena. Hurrengo konpromisoa S.D. Lengokoak Cesar Benitoren zelaian gure izanen da. Jarraitu ikasten egunez egun, saioz saio.