
Jardunaldi osoa eta osatua gure taldeentzat. zeina lau garaipeneko balantzearekin eta porrot bakarrarekin amaitu zen, eta lehen taldearen garaipena eta infantil mailako futbol-taldearen estreinaldia nabarmendu behar diren.
ERREGIONALEN OHOREZKO MAILA 2 – 1 OSTADAR S.K.T.
Taldeak ondo hasi zuen partida, jokoan eta jabegoan dominatzaileak izan ziren eta kontrako zelaian egon ziren partidaren hastapenean. Kontrako aldean min egiten genuen, eta bi aukera garbi izan genituen gure maila eta erritmoa pittin bat jaisten hasi aurretik. Izan ere, aurkari indartsuak eta oldarkorrak izan genituen lasartearrak, batez ere 20. minututik aurrera. Hala ere, Ainhoaren bitartez iritsi zen gureentzako lehen gola, geldikako jokaldi batean eta atsedenaldirako txistua eman baino lehen. Bigarren zatia hobea izan zen, baina talde bisitaria izan zen gol ikusgarri batekin lehia berdindu zuena. Taldeak jo eta su jarraitu zuen eta, egia esan, maila oneko futbola egin genuen Sararen bitartez behin betiko 2-1ekoa egin ahal izateko eta azken txistua jo arte abantaila handitu ahal izan genuen. Hiru puntu on eta lanean jarraitzera.
SANTO TOMAS LIZEOA K.E. 1 – 5 A KADETEA
Berion jokatutako derbia izan zen honakoa. Gurruren taldeak lau puntu lortu ditu lehen bi jardunaldi hauetan. Ez zen hasiera desiratua izan, izan ere, lizeotarrek aurrea hartu zuten markagailuan. Pixkanaka gure golak sartu eta aldeko emaitza on batekin partida itxi genuen. Etxekoak jokalari bat gutxiagorekin geratu ziren 51. minutuan eta hori lagungarria izan zen azken emaitza lortzeko. Hasiera ona Kadete Mailako Ohorezko Ligako taldearentzat eta hurrengo ligako konpromisoari begira daude dagoeneko.
CADETE +5 – 0 OSTADAR S.K.T.
Cotiren taldearentzat partida erosoa izan zela esan dezakegu, lehen zatian joko ona eta golak egin baizituzten. Denboraldi hasiera ona izan da jokalarientzat, hamaika futboleko modalitatea ere estreinatu baitute, eta benetan egoki egokitzen ari dira behar eta eskakizun ezberdinetara. Hurrengo jardunaldiari begira gaude jada, Zubipen jokatuko dugu eta partida aski interesgarria. Jarrai dezagun bide onetik.
ZARAUTZ K.E. 2 – 1 INFANTIL A
Igandean jokatutako neurketan 2-1 emaitzarekin galdu genuen Zarautz K.E.aren aurka. Lehenengo gola lehenengo minutuan etorri zen gure akats defentsibo baten ondorioz. Lehenengo zatiko 10. minuturako beraien bigarren gola etorri eta emaitza honekin taldeak ez zuen eroso jokatzerik izan eta ideia argirik gabe geratu ginen. Deskantsuan egoerari buelta ematen saiatu ginen eta bigarren zatian aurkariak planteatutako bloke baxuari esker aukera gehiago eduki genituen. Azkeneko 20 minututan dinamika horri buelta eman genion eta horrela Kirak penaltiz geure aldeko gola sartu zuen. Azkeneko minututan aukera batzuk eduki genituen partidua berdintzeko baina ez genituen aukerak goletan eraldatu. Ikasi eta ikasi, hauxe izan behar da geure bidea, hurrengo larunbatean etxean jokatuko dugu Zumaiako F.T. taldearen aurka.
INFANTIL B 2 – 1 ARRUPE – CHAMINADE C.D.D.F B
Estreinua izan genuen larunbata goizean jokaturiko partidan eta berau benetan interesgarria izan zela esan dezakegu. La Sallen jokaturiko partida eta geure jokalari gazteak, behin lehen momentuko urduritasunak kenduta, partida ona egin zuten aurkari ziren Arrupe – Chaminade C.D.D.F mendean hartzeko. Beraz eta lehen partida honetan helburu anitzak bete ondoren berriro ere lan saioetan ikasi, landu eta hobetzeko helburuarekin murgilduta daude jokalariak dagoeneko.

