
Askotariko emaitzak izan ditugu asteburu honetan, txanponaren bi aldeak bizi dituztelarik gizonezkoen egiturako talde desberdinek. Jubeniletatik hasita eta alebinak arte, gure talde guztiek lehiatu dute asteburu honetan.
GETXO C.D. 3 – 1 JUVENIL B
3 eta 1eko porrotarekin itzuli zen Fadurako futbol zelaitik (Getxo) bigarren taldea. Hasieratik argi ikusi ahal ziren bi taldeen planak: etxeko taldeak 5-3-2 sistema zurrun batean defendatzen zuen eta kanpoko taldeak baloiaren jabetzaren bitartez ekiten zion erasoei. Hasieran aukera anitz sortu arren, Antiguokok ezin izan zuen Getxoko atezaina gainditu eta horren ondorioz partidak golik gabe eta jokoz oso berdinduta bukatu zuen lehen zatian.
Bigarrenean, ordea, talde urdina ez zen ondo sartu eta baloi luze bateko defentsa kudeaketa txar baten ondoren, Getxoren aldeko penaltia etorri zen, non baloia sare barrua sartu zuten arratsaldeko lehen gola egiteko. Getxotarrek errenta bikain defenditzeaz gain, korner batean minutu gutxira 2-0ekoa lortu zuten. Antiguokok esan dezakegu hor atera zuela gehien borrokarako grina eta Zabaloren barrurako gidatze batean Manciri pase eder bat sartu zion honek atezaina gainditzeko, suspense handiarekin. Oraindik dena posible zen 11 minutu gelditzen baitziren. Hurrengo minutuetan, ordea, beste penalti argi bat egin genuen eta horren ondorioz Getxok partida erabakita utzi zuen (3-1). Akatsetatik ikasi behar da eta horretarako dago aste hau.
JUVENIL C 1 – 2 S.D. INDAUTXU
Puntu bat eskuratzetik hurbil egon zen hirugarren taldea Berion. Aurrean, esan genuen bezala, beti oso lehiakorra den Indautxu zegoen, ligako bigarren postuan meritu propioengatik dagoen taldea. Hasieratik partidaren ildoa nahiko markatuta gelditu zen, non baloi jabetza bilbotarrek izan zuten eta gureek 5-3-2 batean defendatu zuten, orden, ausardi eta borondatez. Aukera gehiago kanpoko taldeak izanagatik, gureak izan ziren lehen kolpea eman zutenak, Oihan Legorbururen gol bati esker. Atsedenaldira emaitza horrekin iritsi ginen.
Bigarren zatian fisikoki hobeto eutsi zion lehiari Indautxuk, eta 56.minuturako partida berdintzea lortu zuen. Handik aurrera, bi taldeek aulkian zituzten jokalariak sartu eta horrekin partidako erritmoa markatzen saiatu ziren arren, kontua azken unerarte ez zen erabaki, Indautxuk 1-2koa sartu zuen arte 86.minutuan, hain zuzen ere. Taldeak, zituen lesioak gorabehera, zelaian dena eman zuen, arerio handi baten aurka lehiatu zuen eta puntuatzetik gertu gelditu zen. Lanean jarraitu beharra dago.
KADETEA A 3 – 2 S.D. LEIOA
Jardunaldi zaila izan zen Iker Mendiluzeren taldeak aurrera atera zuena, non maila oneko partida jokatu zuen SD Leioaren aurka, benetan ondo lehiatu baitzen eta estu hartu baitzuen talde urdina.
Atsedenaldira iritsi aurretik bi gol hartu genituen nahiko erraz, eta horrek abantaila txiki bat eman zion talde bizkaitarrari, etxoletara 1-2 joateko. Hasiera ona izan ez arren, partida kontrako zelaian jokatu zen argi eta garbi.
Aldageletan ezarritakoari jarraipena emateko jarraibideak aintzat hartuz, markagailuan azpitik gindoazela alde batera utzi gabe, letra onarekin eta dagokion pazientziarekin, taldeak partida irauli zuen 3-2ko emaitza justua lortzeko eta sailkapenaren goialdean jarraitzeko balio handiko hiru puntu eskuratzeko.
Lan ona.
KADETEA B 3 – 1 LENGOKOAK K.E.
Azken hilabeteko 4 partidetan 3 garaipen eta berdinketa lortu ondoren, Pabloren mutilak konfiantaz lepo iritsi ziren partidu honetara, bolada positibo honekin jarrai zezaketelakoan eta, azkenean, taulako goiko postuetara hel zitezkeelakoan.
Partida azkar hasi zen aurretik jarriz talde urdina Jonen gol on batekin erdiraketa zoragarri baten ondoren. Partida oso goiz alde jarri zen, baina oraindik asko falta zen egiteko, Lengokoak oso borrokalari bat ikusi baikenuen. Lehen zatiak aurrera jarraitzen zuen, Antiguoko nagusi zela, baina Lengok geldikako arazo ugari sortu zituen, 2-3 aukera garbi izan baitzituen. Lehen zatia amaitu aurretik, Jonen beste gol batek 2-0ekoa jarri zuen, lasaitasuna emanez.
Atsedenalditik irtetean, talde urdinak 10-15 minutu izan zituen galera askorekin baloi jabetzan eta talde bisitariak era horretan markagailua iraultzea lortu zuen, area kanpotik eskuadrak sartutako gol ikusgarriarekin (2-1). Hortik aurrera, Lengok asko estutu zuen, baina tarte asko atzean utzita, eta horrela sartu ahal izan zuen epaiaren gola talde antiguatarrak, Niñoren definizio on batekin. 3 puntu on, taldea taularen goialdean uzten dutenak, baina oinak lurrean gabonetako geldialdia baino lehen gainerako partidei aurre egiteko.
ARRUPE CHAMINADE C.D.F.F. 3 – 1 INFANTIL A
Ezin izan zuen Txakarren taldeak punturik batu Felix Garinen zelai beti zailean. Lehen minuturako etxeko taldea aurreratu zen eta 17. minutuan aldea handitu egin zen, gauzak benetan zail jarriz urdinei. Lehenengo zatian, gureak, oro har, aurkaria baino gutxiago izan ziren.
Bigarren zatia ezin okerrago hasi zen, etxekoek hirugarrena sartu baitzuten. Hala ere, taldeak hobeto lehiatu zen bigarren zati horretan eta horren emaitza da Azkarragak lortutako gola, 3-1ekoa jarri baitzuen markagailuan. Hortik aurrera, taldea saiatu zen eta aukerak izan zituen, baina ezin izan zuen aldea murriztu. Ikasten jarraitzeko porrota.
INFANTIL B 3 – 1 LENGOKOAK K.E.
Uritzen Infantil Txikik garaipena lortu zuen Lengokoak taldearen aurkako derbian. Talde urdinak aurrea hartu zuen Irairen golari esker, 3. minutuan. Gutxi iraun zuen pozak, 10 minutu geroago berdindu baitzuen talde bisitariak. Hala ere, gureek joko ona egin zuten eta aukerak sortu zituzten jabetzetan argi eta garbi sinistuz. Horrela, Garatek 2-1ekoa ezarri zuen lehen zatiaren azken minutuetan. Atsedenaldiaren ostean, mutilek ez zuten erritmoa moteldu eta Barriok garaipena baieztatzen zuen gola lortu zuen (3-1). Defentsako lan ona dela eta, taldeak ez zuen sufritu errentari eusteko. Lan ona eta bidean jarraitu, mutilak.
ALEBINA 5 – 1 AÑORGA K.K.E.
Partidua hasieratik bukaerara gure kontrolpean izan genuen Igandean lehen orduan jokaturiko partiduan. Jokalariek gogo handikin eta konfidantzakin jolastu zuten. Presio oso altua eginez, Añorgaren baloi jabetzak zinez laburrak izan ziren; gure jabetzak, ostera, arrisku handikoak ziren eta sakontasuna era egokian aurkitu genuen. Lehenengo zatian 1-0, bigarrenean 2-0 eta azkenekoan 5-1 amaitu genuen. Zalantzarik gabe, entrenamendu saioetan ikasitakoa baieztatzeko ariketa bat izan zen, non jokalariek jarrera bikaina eta joko ona erakutsi zuten.

