Bigarren urtez jarraian biziko dute txapelketa zirraragarri eta zail hau, eta kasu honetan, gainera, kapitain gisa. Ander Seara (A.S. jarraian) eta Aritz Conde (A.C.) benetan gogotsu daude erronkari aurre egiteko, eta horren erakusle da utzi diguten elkarrizketa. 2005.urtean jaiotako bi jokalari hauek argi eta garbi taldeak duen giza kalitatearen isla dira.


Aupa mutilak, berriro Kopan! Zein izan da sailkapena lortzeko sekretua?

A.S.: Astero lan egitea, bakoitzaren onena emanez, eta bestetik gauzak ondo zihoazenean eta emaitzak eskuratzean gora ez etortzea eta gauzak zail egon direnean behera ez etortzea.

A.C.: Nire ustez, arrakastaren gakoa taldearen lana eta ahalegina izan dira. Oso konstanteak izan gara eta horregatik ez dugu emaitza negatiboen zulorik izan. Emaitza onak atera ditugu lehen itzuli honetan.


Zer suposatzen du zuentzat Ohorezko Mailan kluba defendatu duzuen bi urteetan sailkapena bigarrenez lortu izanak?

A.S.: Lorpen handia da, edonork bizi ezin dezakeena, eta benetan harro nago lortu izanaz. Hala ere, iristea lorpentzat hartzeaz gain, ahalik eta sailkapen gehien eskuratzea ere gustatuko litzaidake.

A.C.: Izugarrizko poza. Oso pozgarria da bi urtez jarraian sailkatu ahal izatea, lorpen erraldoia izateaz gain. Arlo pertsonalean, zoriontasuna eta ilusioa are handiagoa da; izan ere, aurten jokatu ahal izango dut, guztiak normalitatearen barruan jarraitzen badu (iragan denboraldiko lesioaren ondorioz ezin izan zuen jokatu).


Nola gogoratzen duzue iazko esperientzia?

A.S.: Iazko Kopaz asko gozatu nuen. Aurreko egunetan ilusio eta urduritasun handiz bizi izan nituela gogoan dut. Gainera, Realaren aurkako lehen kanporaketa maitasun handiz gordetzen dut, talde osoaren partida ikusgarria izan zelako, plana ezin hobeto atera zelako eta giro apartaz gozatu ahal izan genuelako bai zelaian eta bai harmailetan. Sportingen aurkako bigarren partidak, aldiz, sailkapena merezi izan arren azken minutuan ihes egin zigun eta alde horretatik pena pixka batekin gogoratzen dut. Baina, oro har, data horietako oroitzapen handiak ditut eta errepikatzeko gogoz nago.

A.C.: Lotura handiko egun gisa gogoratzen dut, izan ere, aldagelan eta egunerokotasuneko errutina eguna noiz iritsiko zain egotea zen. Partidei dagokienez, Errege egunean Realari irabaztea opari bikain bat izan zen, oso merezitakoa. Sportingen egunean ere izugarria izan zen Berio beteta ikustea, giro horrekin, partida zuzenean ematearekin, egin genuen partida puskarekin, eta abar. Gauza negatibo bakarra azken jokaldian kanporatzeko modu benetan krudela izan zen, egin genuen guztiaren ondoren. Tristura nagusi zen eguna amaitu berri, eta ez zen gau erraza izan, baina benetan harro joan ginen egindako lanaz eta partiduaz.


Zer nahi duzue zozketarako?

A.S.: Nire desio bakarra garaipena lortzea da, ez dut aurkariaren eta jokalekuaren inongo lehentasunik. Sailkatzen garen bitartean pozik egongo naiz.

A.C.: Asko gustatuko litzaidake Mallorcara joatea, beste urte batzuetako kideak ditudalako han, eta baita Tenerifera joatea ere, oso helmuga gustagarria iruditzen zaidalako. Gainerakoan, gehiago interesatzen zait irabaztea tokia bisitatzea baino. Berion ere jokatzea polita izango litzateke, gure jendearen laguntzarekin lehiatuko baikenuke. Baina ikusiko dugu bihar.


Zer itxaropen dituzue #KoparenIlusioa edizio honetarako?

A.S.: Ahalik eta urrutien iristeko ideia izan behar dugu. Konfiantza handia dut taldearengan eta gauza handiak bezala lortzeko gai garela uste dut, baina horretarako lanean gogor jarraitu behar dugu eta ezin gara bidean zehar inongo momentuan erlaxatu.

A.C.: Argi dago urrutira iristea izugarria eta ametsa litzatekeela, final bat jokatu eta txapelketa irabazi ahal izateko adibidez. Baina guk pausoz pauso joan behar dugu, apaltasunez, eta, beraz, zozketaren ondoren, tokatzen zaigun aurkariari bakarrik erreparatuko diogu, eta ez izan zitekeenari. Konfiantza handia dut nire kideengan eta gauzak ondo egiteko gai izango garela uste dut.