
Lau garaipen, berdinketa bat eta porrot bateko balantzea asteburu bizi eta erakargarri honetan. Aipamen berezia kadeteen garaipen borrokatuei eta Jubenil B taldearen bolada onari, oraingoz bigarren itzuliko bost partidak irabazi baititu.
BERGARA K.E. 0 – 1 JUBENILA B
Unai Gazpiok zuzentzen duen taldearen garaipen landua Agorrosinen. Urdinak mahoneroei gailendu zitzaizkien bi taldeentzako uneak izan zituen partidan. Lehen zatian bi aldeetarako abaguneak egon ziren ziren, nahiz eta garbienak etxekoentzat izan, euren bertikaltasunaren eta presio handiaren bidez langa bat eta Oskilaren bi geldiketa bezalako egoerak izan baitzituzten. Hala eta guztiz ere, Xubanen gidaritza arrakastatsuaren ondoren Enaitzek egindako golarekin eraginkortasun handia erakutsi zuten geureek.
Bigarren zatian, lehiaren erritmoa aldatu egin zen eta urdinek maila handia erakutsi zuten defentsan. Gainera, erasorako joera eta gaitasun handia izan eta partida trantsiziotan amaitu ahal izan zuten. Hala ere, etxekoek ez zuten amore eman, eta horrek geureek hortzak estutu behar izatea eragin zuen, urrezko hiru puntu batzearen amaierako sariarekin batera. Garaipenez garaipen dabil taldea bigarren itzuli honetan. Zorionak, mutilak.
JUBENILA C 1 – 2 ARRUPE CHAMINADE C.D.D.F.
Arrupe Chaminaderen aurka porrota etxean igande arratsaldean jokatutako partidan. Txakarren taldeak ez zuen partida ondo hasi eta ondorioz 0-2 aurreratu zen talde bisitaria. Lehen ekitaldian Felix Garinen mutilak nagusi izan ziren intentsitate eta lan onagatik jokoaren fase ezberdinetan.
Bigarren zatian egoera aldatu egin zen, batez ere gureen txip aldaketak eraginda. Izan ere, lehiakorragoak izan ziren baloiarekin eta baloirik gabe, eta, ondorioz, kontrako zelaian asti gehiago pasa zuten. Sistiagaren gol batek taldea partidan bete-betean sartzea ahalbideratu zuen, baloia atean sartu baitzuen burukada bikain batekin. Hortik aurrera, etenaldi asko ikusi genituen, eta ez zen egoera asko sortzeko aukerarik egon, nahiz eta aukera argiena guk izan genuen geldikako baloi batean. Azkenean, 1-2koarekin amaitu zen partida.
GETXO C.D. 1 – 3 KADETEA A
Partida oso serioa jokatu zuten Iker Mendiluzeren mutilek etxetik kanpo, eta seigarren garaipena jarraian erdietsi zuten, sailkatze taulan bigarren postu bikaina lortuz. Boluera joan ginen Getxoren aurka jokatzeko eta taldeari testuingurura egokitzea kostatu zitzaion arren, 1-3ko emaitzarekin konpondu zuen lehia. Anbu eta Lier izan ziren beste behin maila oso ona eman zuen talde baten golegileak.
Jarrai dezagun.
KADETEA B 2 – 0 REAL UNION CLUB
Beste aste bat Berion partida handi bat jokatuz, giroa horren erakusle izanik, gure antzeko bolada zuen aurkari batekin, urritik porrota ezagutu gabe baitzegoen. Partidaberehala jartzen zitzaigun alde, korner bat aurkariak bere atean egindako gol batekin amaitu baitzen. Egiari zor, horrek asko erraztu zigun partidaren testuingurua.
Aurkariak posizio-joko oso interesgarria proposatzen zuen, erdiko eta alboko 3 jokalari erdian jarriz, zenbakizko nagusitasuna lortzeko. Hasieran, gure presio-lerroak gainditzea lortu zuten hainbat egoera izan zituzten, baina pixkanaka egokitzen joan ginen, erdiko bloke bat sortuz eta erakarpen-jokoan sartu gabe.
Gure 3 erdilariak gai izan ziren nagusitasun numerikoa abantaila posizionalaren bitartez gainditzeko. Hasieratik irabazten joan izanak asko lagundu zigun bere erakarpen-tranpetan ez sartzen eta horrek zehaztasun falta asko sortzen zituen bere kontrol eta bidalketetan.
Bigarren zatia, ohar pare baten ondoren, modu berean hasi genuen. Gainera, lapurreta on batekin eta Gaeletik Jonera pasatuta, honek laguntza bikaina eman diezaion Joannesen desmartxa zoragarri bati, partida erabakita utzi zuen gola lortu genuen. Azkenean, sentsazio onekin eta bolada onari jarraipena emanez amaitu zen lehia. Taldeak iada Vaskoniaren aurkako partida prestatzen dihardu.
IGELTEGI C.F. 3 – 3 INFANTILA A
Antiguokoren eta Igeltegiren arteko derbia hasiera oparoarekin eman zen, gureen minutu onekin eta baloiari erritmo bizia inposatuz. Berdintasuna pixkanaka ezarri zen arren, atsedenaldirako markagailua 0-1 zen, eta aukerak banatuak izan ziren bientzat, nahiz eta gureek abagune argiagoak izan.
Bigarren zatia aldaketa handi batekin hasi zen, Igeltegik 3 gol sartu baitzituen lehen 6 minutuetan. Hala ere, bigarren zatiko erdialdetik aurrera urdinek gogor jo zuten, 3-3ko berdinketa lortuz. Zailtasunak zailtasun, garaipenaren aukera presente egon zen mutilen bultzadagatik. Ondorioz, baloratzeko puntua.
INFANTILA B +5 – 0 IGELTEGI C.F.
Garaipen sendoa lortu zuen Uritz Ansoaldek zuzentzen duen taldeak larunbat honetan. Lehenengo zatian erronka handia izan zen Igeltegiren defentsa sendoagatik, eta horrek zaildu egin zuen gureen aurrerapen oro. Hala ere, atsedenaldian 2-0eko abantaila izatea lortu genuen. Bigarren zatian aldaketa erabakigarria ikusi zen, talde urdinak partida erabakita utzi baitzuen gol oso goiztiarrekin. Azkenean, garaipen landua lortu genuen horien saiakeraren aurrean.

