Lau garaipen eta porrot bat Ohorezko Mailak lidergoa sendotu zuen asteburuan. Bestalde, Gurruren Ohorezko Kadeteak ezin izan zuen punturik urratu La Sallen, lan ona egin arren. Goazen aztertzera asteburuak emandakoa.


OHOREZKO KADETEA 0 – 5 REAL SOCIEDAD S.A.D.

Errealaren aurkako partida oso bibrazio onekin hasi zen, gureek izan baitzuten lehen abagune argia bigarren zutoinean. Hala ere, talde txuri-urdina izan zen izandako lehen aukera aprobetxatu zuena. Gainera, minutu gutxira bigarren gola sartu zuten, maisuki jaurtitako falta baten bidez. Antiguokoren ahaleginak ahalegin, Erreala nagusi izan zen hortik aurrera eta atsedenaldira 0-4ko emaitzarekin joan ginen. Bigarren zatian, talde donostiarra abantailarekin eroso agertu arren, urdinak goletik gertuago egon ziren. Azkenean, ordea, 0-5ekoa lortu zuen talde txuri-urdinak La Salle futbol zelaian garaipena ixteko.


GOIERRI GORRI F.K. 0 – 4 LEHEN MAILAKO KADETEA

Garaipen sendo zein landua Cotiren taldeak larunbatean jokatu zuen partidan. Lehiaren hasieratik, taldea kontzentraziorik handienarekin atera zen zelaira, eta pentsamolde hori lehen zati onean islatu zen, non gureek ondo interpretatu baitzuten Goierri Gorriko defentsa-lerro aurreratua. Alaiaren golarekin eta Noraren bikoarekin (Julenerekin konexio handia erakutsiz) 0-3koarekin joan ginen atsedenaldira.

Bigarren zatian partida parekatuagoa izan zen, baina antiguatarren defentsa sendotasuna erabakigarria izan zen markagailua iraultzeko arriskua egon ez zedin. Atzean erakutsitako grinaz gain Naiaren gol gehigarri batekin markagailua handitzeko parada izan zuten urdinek. Azkenean, 0-4ko garaipena talde-lan bikainaren bitartez. Segi horrela, neskak.


INFANTILA F-11 +5 – 1 ANAITASUNA C.D.

Garaipen bikaina lortu zuen Maialenen eta Oihaneren taldeak bi taldeek egindako ahaleginak erabat islatzen ez dituen markagailuarekin, Anaitasuna ausarta, konbinatiboa eta borrokalaria ikusi baikenuen lehen minutuetan. Hala ere, urdinek atea aurrean erakutsitako eraginkortasuna medio, aldea handia zen atsedenerako. Bigarren zatian gureek erakutsitako maila hobetu zuten eta horregatik aldea handitu ahal izan zuten baloiaren jabetza ondo menderatuta.


INFANTILA F-8 5 – 1 LANDETXA K.T.

Jonen taldeak 5-1 irabazi zion Landetxari. Hasierako txistualditik, jokalariek joko konbinatua, kontrolatua eta menderatzailea erakutsi zuten, eta horri esker golak sartu ahal izan zituzten oso ondo harilkatutako jokaldien bidez. Taldeak, gainera, une oro lasaitasuna mantentzen jakin zuen. Oro har, merezitako garaipena irundarren merituzko saiakeraren aurrean. Hurrengo partidaren bila.