Alebinak bigarrenez jarraian lehiatuko du eta gainontzeko taldeek beren ohiko dinamikan dihardute. 7 partiduetatik 5 Berion izango direnez, dei egiten dugu instalazioetara hurbiltzea, partidez gozatu eta talde desberdinak animatzeko.


GAZTEEN LIGA NAZIONALA

Bigarren garaipena jarraian lortzeko helburu irmoarekin bidaiatuko du Unai Gazpiorentaldeak Getxora. Aurreko astean egindako partida bikaina izanagatik, taldeak konpromezu eta apaltasunaren bidetik ez du aldendu nahi. Ondorioz, lanean burubelarri jarraitzeko garaia da eta mutilek beste partida bikain bat egiteko aukera paregabea dute kostaldeko herri ederrean. Emaitzei erreparatuz gero, Getxoren goranzko joera nabarmendu beharra dago; izan ere, liga hasieran zailtasunak izan arren, azken 15 puntuetatik 7 eskuratu ditu, Eibarri 5 gol eta Indartsuri 4 gol sartuz, besteak beste. Gureek, bestalde, azken 5 partiduetan ere etxeko taldeak bezain beste puntu batu ditu. Hala, partida benetan zirraragarria espero dugu, ea taldeak beti bezain lehiakortasun-maila altua erakusten duen eta sailkapenean aurrera egiteko paradarik duen. Aurrera mutilak.

Partida larunbatean 16: 00etan Fadurako futbol zelaian (Getxo).

GAZTEEN EUSKAL LIGA

Erronka zinez zaila hirugarren taldeak igandean Berion duena. Datorren astean Gazteizen bizitako goiz gogorraren ostean, indarrak hartzeko eta elkarrekin jarduteko astea izan dute, datorrenari begira. Era horretan, igandeko aurkari izango den Indautxu talde bilbotarra bigarren kokatuta dago sailkapenean, 7 garaipen, 3 berdinketa eta porrot bakar baten ostean. Astean zehar staff-ak emandako gomendioak lagungarri izango direlakoan, gure mutilak prest daude Berion irudi ona eman eta partida lehiatzeko eta, esaerak dioen bezala, “gustuko bidean, aldaparik ez”. Ondorioz, ilusioz, borondatez eta gogotsu ekingo diote gazteek hain borrokatua aurreikusten den lehiari. Zorte on, mutilak.

Partida igandean 15: 30etan Berioko instalazioetan.


KADETEEN EUSKAL LIGA

Larunbat honetan Iker Mendiluzeren mutilek S.D. Leioa jasoko dute Berion. Denboraldiari hasiera bikaina eman arren, geldialditik itzuleran puntu 1 lortu du 2 partiduetan eta ondorioz garaipen gosez dugu taldea. asteburu honetako partida Gasteizen lortutako puntu borrokatuari jarraipena emateko parada gisa ikusten dute mutilek. Aurrean, ordea, kategoria autonomiko eta nazionaletan zeresan handia  ematen ari den kluba den S.D. Leioa izango dute. Uribe Kostako taldea sailkapenaren erdialdean dago, etxean Vasconiari irabaztetik dator eta argi dute gureek gauzak oso zail jarriko dituela garaipena eskuratzeko. Hortaz, dena ematera mutilak, eutsi goiari.

Partida larunbatean 12: 10ean Berioko instalazioetan.


OHOREZKO KADETEA

Dinamika oso positiboan iristen da Pabloren taldea partida honetara. Hiru partida errenkadan irabazi ostean eta atea hutsean mantenduz hiru kasueta,  gogor dihardute lanean lehen urteko kadeteek entrenamendu saioetan, beste behin partidako 3 puntuak eskuratzeko helburuz. Lengokoak taldeak, aldiz, aurreko astean Kostkasen aurkako derbian berdindu ondoren, etxetik kanpoko lehen garaipena eskuratu nahi du kosta ala kosta. Goranzko dinamikan jarraitzeko hortzak estutu beharko dituzte gureek,  sailkapenean aurrera egiteko balio ahal dituztelako Larunbat goizean jokoan dauden puntuek.

Partida larunbatean 10: 30etan Berioko instalazioetan.


INFANTIL HANDI

Txakarren mutilek beste behin Beriotik urrun jokatuko dute asteburu honetan. Taldeak Felix Garin zelaian Arrupe Chaminade C.D.D.F izango du aurkari. Bi taldeak ondo ezagutzen direla esan dezakegu, ligako estreinuan elkar jokatu baitzuten, zelai berean gainera, dituen partikularitateengatik berezi eta zail egiten duena.  Emaitza hutseko berdinketa izan zen arren, gureek izan duten hobekuntza prozesua markagailuan beste era batera islatzea espero dute oraingoan. Fase berria ondo hasi dutelarik, ibilbide luze honetako beste etapa bati aurre egiteko prest ditugu bigarren urteko infantilak.

Partida larunbatean 12: 40etan Felix Garin futbol zelaian (Donostia).


INFANTIL TXIKI

Beste derbi donostiar bat Berion Infantil Txikik jokatuko duena. Aurreko asteko berdinketa zirraragarriaren ondoren, asteko saioetan akatsak zuzendu eta ondo egindakoetan sakontzeko aukera izan dute Uritzen mutilek. Lengokoak taldeak ederki hasi du fase berria, bi partidatan 6 puntuak pilatuz. Hortaz, erronka polit bati aurre egin beharko diete gureek, eta dena eman eta partida egoki lehiatuko duten zalantzarik ez dugu.  Aurrera, mutilak.

Partida larunbatean 9:00etan Berioko instalazioetan.

ALEBINA

Alebinak bigarren astez jarraian lehiatuko du. Lehia handiko partidak izaten ari dira, eta, egiari zor, ikaskuntza oso positiboa suertatzen ari da, futbol 8ko modalitatearen azken fase honetan esperientzia berriak eta aberasgarriak batuz. Añorga izango da Berion igande goizean arerio, orain arte dena irabazi duen taldea. Beraz, testuinguru aproposa dugu jokalariek bere maila, ilusioa, borondatea eta grina adierazteko. Disfrutatu.

Partida igandean 9:00etan Berioko instalazioetan.