
Hiru jubenilek eta A kadeteak euren partidak jokatuko dituzte larunbatean, asteburu ziragarriari hasiera emanez; B kadeteak eta haur mailakoek, berriz, igandera arte itxaron beharko dute lehiatzeko. Finean, ez dugu aspertzeko astirik izango bi egunetan.
JUBENILEN NAZIONAL LIGA
Aurreko astean Errealaren aurkako partidak emandakoa alde batera uzteko garaia da, eta horretarako Gazpioren mutilek Gasteizera bidaiatu beharko dute Larunbat arratsaldean, Alaves talde babazorroaren aurka jokatzeko Jose Luis Compañon zelaian. Ez da erronka samurra izango, izan ere, talde gasteiztarra sailkapeneko seigarren postuan dago kokatuta eta azken hiru partidetan zazpi puntu erdietsi ditu. Gure taldeak, ordea, puntu bakarrera egoteaz gain, badaki edozein zelaietan lehiatzeko prest dagoela eta orain arte izandako sentsazio onekin jarraitu nahi du puntuak hirunaka kontatzeko. Lehia oso parekatua espero den honetan, partida borobila gauzatu beharko dute urdinek puntuak Antiguara ekartzeko. Zorte on, mutilak.
Partida larunbatean arratsaldeko 16:00etan Jose Luis Compañoneko instalazioetan.
JUBENILEN EUSKAL LIGA
S.D. Deusto izango da hirugarren taldearen arerioa Larunbat honetan. Talde bilbotarra da gure ondoren sailkatua dagoena eta beraz aukera paregabea dugu eskuartean postu bat gora egiteko. Izan ere, taldea puntu gosez dago eta uste du jokatzen ari den partidetan gehiago merezitzen ari dela. Hala ere, aitzakirik gabe eta entrenamendu saio bikainak burutzen, garaipenaren bila joango da hasieratik taldea. Parean izango dugun taldearen harira, tomateroek (armarriko ikurretako bat da tomatea, 70eko hamarkadaren amaierako urbanizazioa baino lehen, Deustuko barrutian landatzen ziren tomateek ospe handia baitzuten) azkeneko bi partidak irabazi dituzte, horietako bat oraindik partidarik galdu gabe zegoen Indautxuren aurka. Espero dugu partida polita ikustea eta Berioko zaleak gozaraztea. Aurrera.
Partida larunbatean arratsaldeko 15:30ean Berioko instalazioetan.
KADETEEN EUSKAL LIGA
Bulegoren abestiak dioen eran, “bueltan da” Iker Mendiluzek zuzentzen duen taldea. Selekzioagatik izandako geldialdiaren ondoren (gogora dezagun gure 3 jokalarik bertan parte hartu dutela), jokalariak zinez gogotsu daude txapelketari berrekiteko. Kasu honetan Romo izango da aurkaria, eta ez da inondik inora ere garaitzea kontu errazik izango, talde getxotarra seigarren postuan baitago eta iada 14 puntu baititu. Hala ere, gureak konfiantzaz lepo daude, eta horren erakusle da entrenamenduetan zein partidetan ikusten ari garen lehiakortasun maila. Txapelketa hasiera bikain honi jarraipena emateko garaia da, goazen ba!
Partida larunbatean goizeko 12:20ean Berioko instalazioetan.
OHOREZKO KADETEEN MAILA
Igandean lehiatzea egokitzen zaio Pabloren taldeari, Beti Ona talde errenteriarra aurkari izango duen erronkan. Hondarribiaren aurkako garaipena bulkada gisa erabili nahi du talde urdinak, baina horretarako badaki ahaleginak eta konfiantzak egunerokotasunaren aldarri izaten jarraitu behar dutela. Bolada onean dator aurkaria, izan ere, azken 5 partidetan 10 puntu eskuratu ditu, tartean etxean irabazitako hiru partidekin. Egiari zor, etxetik kanpo gehiago kostatzen ari zaio eta era horretan Beraunetik kanpoko lehen garaipen hori lortzeko irrikitan daude. Dena ematera eta aurreko partidak jarraitu nahi dugun bidea erakus dezala, mutilak.
Partida igandean goizeko 12:10ean Berioko instalazioetan.
INFANTIL HANDI
Bigarren urteko infantilak igande honetan hasiko du euren mailako Txapeldunen Fasea. Txakarren mutilek ilusio handiz ekingo diote bigarren fase interesgarri honi, non behar bezala hobetzen jarraitzea izango den helburu nagusia. Asteburu honetan bertan estreinatuko da Berion eta Kostkas Mariaren Bihotza C.D. taldea izango da aurkaria. Egiako taldea 3.postuan gelditu zen lehenengo fasean, Erreala eta Martuteneren atzetik. Talde urdinak bide luzea duen arren aurretik, elkarrekin urrun iristeko konrpomezu eta ilusioz gainezka daude gure mutilak. Hasiera ona izan dezazuela.
Partida igandean goizeko 10:40ean Berioko instalazioetan.
INFANTIL TXIKI
Gure lehenengo urteko infantila Irunera mugitu beharko da San Jose Obreron San Marcial taldearen aurka jokatzeko. Talde irundarrak hirugarren postua lortu zuen aurreko fasean eta meritu handiko sailkapena eman dio horrek. Aste honetako albistegian eman ditugun zehaztasunak aintzat hartuz, Uritzen taldeak ere fase berri bati ekiten dio asteburu honetan. Prozesuari garrantzia ematen jarraitzeko unea da, eta horretarako asteburuetako partida bakoitza jokalarientzat onena emateko unea eta aukera da. Zorte on eta ibilbide oparoa izaten jarrai dezazuela.
Partida igandean arratsaldeko 17:00etan San Jose Obrero futbol zelaian.

