ERREGIONALEN OHOREZKO MAILA 1 – 2 CD MARIÑO

Porrota geure lehen taldearentzat larunbata arratsean jokatu zen neurketan, Erregionalen Ohorezko Mailari zegokion 26. Jardunaldiko liga txapelketako partidan. Irundarrak egin ziren garaipenarekin eta honela geureek eramaten zuten emaitzen bolada onari amaiera eman zaio. Markagailuan eta partidan bertan ez zen alde handirik egon eta bertan egin genituen jokaldi onekin geratu beharko gara. Datorren astebururako hobetuko dugu, ziur. Eutsi lanari, neskak.


OIARTZUN KE 0 – 3 GORENGOEN MAILA

Gorengoen mailako taldeak partida benetan interesgarria egin zuen Oiartzunen eta emaitza oso aldekoa izatea lortu zuten. 0-3 markagailua etxetik kanpo eta liderraren puntu bakarrera jarri gara dagoeneko sailkapenean. Arerioa ez zen batere erraza lehen fasean eta joaneko partidan ongi ikusi genuen bezala, baina oraingoan geureak nagusitu ziren Del Río sartutako hiru golekin, alajaina. Partida ona beraz eta datorren jardunaldian atsedena izanen dugu.


SD EIBAR SAD 0 – 5 KADETEEN OHOREZKO MAILA 

Arratsalde berezia eta betirako geure oroimenean geratuko den horietako bizi izan genuena Unben 2023ko apirilaren 22an. Data ongi ezagutzea komenigarria eta garrantzitsua deritzogu, izan ere egun horretan bertan Kadete Ohorezko taldea Gipuzkoako Txapelduna bilakatu baitzen. Denboraldi bikaina, ezinhobea eta partida ikaragarria eginez gainera azken jardunaldi honetan. 0-5ko markagailu zabalarekin irabazi genuen azken jardunaldi hau eta hortaz eta aste luzez lidertza modu indartsu eta egonkor batean mantentzea lortu eta gero, txapelketa eskuratu zuten. Epaileak azken txistua jo zuenean poza eta emozioa nagusitu ziren Eibarren eta bertara joandako familia, jarraitzaile, arduradun etab ederki eta giro ederrean ospatu zuten lortutako balentria. Ez da gutxiagorako, zorionik beroenak denoi!


OHOREZKO INFANTILA 4 – 0 OIARTZUN KE

Udaberri txapelketako bigarren jardunaldia jokatu zuten igandean ohorezko infantileko neskek eta benetan partida interesgarria jokatu zuten. Bagoaz pixkanaka – pixkanaka modalitate berri honetara egokitzen eta ikaskuntza oso emangarria izaten ari da. Azken partida honetan maila polita erakutsi zuen geure taldeak eta Sarak zein Norak sartutako bina golei esker garaipena eskuratzea posible izan zen. Hurrengoa txapeldunak izan diren Añorga KKEren aurkakoa izanen da.