Joan den ostegunean, apirilaren 20an, Antiguoko Kirol Elkarteak eta Ciboure F.C.k sinatutako lankidetza-hitzarmena dela eta, geure erakundeko ordezkaritza bat, Edorta Salegui klubeko lehendakaria eta Gorka Azpeitia zuzendari nagusia buru zirela, Ipar Euskal Herrian izan zen.


Herriko etxean Eneko Aldana-Douat auzapezak eta Antton Billiote kirol ordezkariak harrera egin zuten, euskara hizkuntza, partekatutako balioak tresna eta futbola elementu eragile gisa dituen bi kirol erakundeen arteko akordioaren nondik norakoak erakunde publikoei aurkezteko.

Bertaratutako agenteen aurkezpen labur bat egin ondoren, auzapezak ongietorri adeitsua egin zuen herri kontseiluaren partez, bere udalerriko egonaldia ona eta atsegina izaten ari zelakoan, eta, aldi berean, jakinarazi zuen bi erakundeek sinatutako akordioaren berri bazuela, eta benetan pozik zegoela kluben arteko adostasun onagatik.


Zuzendari nagusiak zehatz eta mehatz azaldu zituen euskara, balioak eta futbola bezalako gai garrantzitsuen inguruan izandako elkarrizketak. << Euskara eta futbola, futbola eta euskara ardatz dituen sinergia-prestakuntza planteatu dugu. Baliabideak ezarriz eta balioak partekatuz, bi aldeok benetan bide atsegina eta zinez interesgarria ireki dezakegula uste dugu >>, hasi zen Azpeitia.


Kostaldeko udalerriaren ordezkari gorenak interes handia agertu zuen Antiguoko Kirol Elkartearen eta haren jardun-eremuen ibilbidean, eta Azpeitiak klubaren idiosinkrasia nabarmendu zuen: << Klub lehiakorra gara, baina ordea badakigu garrantzitsua izanen dela partaidetza-esparrua lantzea, eta horren guztiaren helburua da gizarteak eskatzen duen alderdi soziala garatzea, honen etengabeko hobekuntzan eragile aktibo eta inklusiboak izateko erantzukizuna baitaukagu kirol elkarteek >>. Donostiako La Salle ikastetxearekin eta Amara Berri K.E. kirol-klub parte-hartzailearekin indarrean dauden lankidetza-akordioak balioetsi zituen horren erakusgarri.


Garapen moduei eta denborei dagokienez, Azpeitia zuhur mintzatu zen, baina konbentzituta eta konfiantzaz beterik. << Lehenengo urratsa lankidetza-zubiak eraikitzen hastea da. Erabat ados gaude  bi kirol-eragileek duten eragina eta balioekin, eta hortik hasiko gara lanean. Klubaren beharrak identifikatzeko fasean gaude, eta ideia desberdinak ditugu buruan. Ilusio handia dugu eta konbentzituta gaude bidea benetan emankorra izanen dela>> amaitu zuen.


Bilera giro hurbil eta adeitsuan garatu zen, eta ondoren, inplikatutako erakundeek argazki ofiziala atera zuten herriko etxeko sarreran bertan, horretarako egokiak ziren erakunde-oroigarriekin. Hautetsiek agurra eman zuten esker onez, bisita instituzionala amaitutzat emateko.

Ondoren, geure klubeko ordezkariek ez zuten aukerarik galdu Ciboure F.C.ko instalazio bikainak bertatik bertara ezagutzeko, eta Lapurdiko klubeko kirol-arduradunak anfitrioi gisa jardun zuten bertan.


Lerro hauetatik eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu bai erakundeetako ordezkariei bai Ciboure F.C.ko kirol arduradunei jasotako tratuagatik eta erakutsitako abegikortasunagatik.