GAZTEEN MAILA NAZIONALA

Adorez gainezka dago bigarren taldea, iragan asteburuan Lezaman Athletic Clubaren aurka garaipen handia lortu ondoren. Fede eta lan onaren erakustaldia izan zen taldeak erakutsi zuena ametsezko eszenatoki batean, eta horren emaitza izan ziren sailkapenaren erdialdean egonkortasuna ematen diguten hiru puntuak. Horri jarraipena emateko, Arrupe – Chaminade CDren aurka jokatuko du larunbatean. Sailkapenean postu arriskutsuetan ibilia izanagatik, Real Sociedad SADen aurkako neurketa on bat egitetik dator, eta kontuan hartzeko moduko aurkaria da. Jokalariek badakite eta badakite zaila dela izanen dela partida. Derbia Berion ligako hogeita hirugarren jardunaldian.


Partida larunbatean 15: 30ean Berioko futbol zelaian.

 

GAZTEEN EUSKAL LIGA

Partida bikaina izateko osagai guztiak ditu igandean Rezolako zelai mitiko eta zoragarrian bizitzeko aukera izango dugunak. Denboraldian zehar kredentzialak erakutsi dituzten eta sasoieko azken herenean une onean sartu diren bi talderen arteko neurketa izanen da eta bertan hiru puntu garrantzitsu izango dira jokoan. Zementeroak berriro lotu dira helburu handinahietan pentsatzeko aukera ematen duten postuetara, eta elkarren segidako hiru garaipen handi lortu dituzte azken hiru asteetan. Geureek, aurreko astean liderraren aurka jasandako porrota gorabehera, martxa ona daramate eta sailkapenean talde añorgatarrarengana hurbiltzeko aukera dute haien zelaian garaipena lortuz gero. Lehia estu eta ederra espero da igandean goian aipatutako eszenatokira hurbiltzen diren zaleen gozamenerako. Ikuskizun on bat ikusiko dugu, ziur.


Partida igandean 17: 00etan Rezolako futbol zelaian (Añorga).

 

KADETEEN EUSKAL LIGA

Ligako bigarren jardunaldia txapelketako fase honetan bigarren urteko kadete taldearentzat. Ez zuen partida makala egin geure taldeak SD Eibarren aurkako estreinako jardunaldian, baina egia da talde armaginak markagailuari buelta eman ziola azken uneetan eta ezin izan genuela punturik urratu. Inpresioak beraz ez ziren okerrak izan fase hasiera honetan, zailtasunari eta eskakizunari dagokionez gorenean agertzen baita, eta, horregatik, aurkari handi bati bisita eginen diogu igandean, Deportivo Alavés SADi Ibaiako bere instalazioetan eta, zehazkiago, José Luis Compañónen zelaian neurtuko ditugun indarrak haiekin. Aurkari zaila benetan, geure bertsiorik onena ematea eskatuko diguna, baina horretarako prest gaudena ziur. Bidaia ona Arabako lurretara.


Partida igandean 18: 15ean J.L. Compañón zelaian Ibaiako instalazioetan.

 

KADETEEN OHOREZKO MAILA

Geure Kadete Mailako Ohorezko taldearentzat ere ez da partida batere erraza izango beti zaila izan den CD Vasconiaren aurka, Berion, goizeko ordutegi nagusian, eguerdiak ematen duenerako. Aurkaria dinamika onean dago, eta, guk bezala, hiru puntu besterik ez ditu utzi atzean azken jardunaldietan. Amarako taldearen helburua sailkapenean hurbiltzea izango da eta geurea berriz garaipena dastatu eta lehen postura gerturatzea. Froga ona lehen urteko jokalariez osatutako taldearentzat, benetan urte ona daramatelako eta derbi polit batean garaipenaren bidera itzuli nahiko dutelako. Bi taldeen maila aztertzeko aukera ona dugu beraz eta zorte on.


Partida larunbatean 12: 00etan Berioko futbol zelaian.

 

INFANTILEN OHOREZKO MAILA

Joan den astean Kostkas KEko Egia auzoko taldeari nagusitasun punttu batekin gailendu ostean selekzioko konpromezu autonomikoengantik atzeratutako partidan, geureak asteburu honetan bertan Martutene KE talde donostiarraren aurka jokatuko duten partidari begira daude. Uritzen mutilek aurrean lau puntu batu dituen talde bat izanen dute, orain arte jokatutako beste horrenbeste partidatan. Geureek oraingoz garaipenak besterik ez dituzte lortu eta bide horretan jarraitzeko asmotan ageri dira. Has dadila lehia.


Partida larunbatean 09: 00etan Berioko futbol zelaian.

 

INFANTIL TXIKIA

Lehen urteko geure taldeak Urola KE mendean hartu zuen Argixao zelaian, txapeldunen fase honen inaugurazio jardunaldian. Bigarren jardunaldi honetan, Beasaingo SD talde bagoneroaren aurka neurtuko ditugu indarrak, azken fase honetara merezimenduz osoz eraman dituen denboraldi on bat egiten ari den taldea hain zuzen ere. Partida polita izanen da, ez baita batere erraza izango. Beraz, menu handia larunbatean geure etxean daukaguna. Gozatzera.


Partida larunbatean 10: 30ean Berioko futbol zelaian.

 

ERRENDIMENDU ALEBINA

Lanera itzuliko da errendimendu mailako alebina eta jardunaldi berria jokatuko du Berion. Bertan, Touring K.E.ko talde gorriaren  aurka neurtuko dira indarrak. Goizeko lehen orduan jokatuko da eta taldeak ilusio handiz hartuko du, prozesu, bide eta ibilbide aberasgarri honetan hazten eta ikasten jarraituko duen maila ona erakutsi ahal izateko. Jarrai dezagun ikasketarekin.


Partida igandean 09: 00etan Berioko futbol zelaian.