
Partida oso lehiatua izan zen joan den larunbatean Zubietan Z4 zelaian izandakoa, non taldeak partida ona jokatu zuen, baina ez zuen punturik lortu Errealeko instalazioetan jokatutako neurketan. Nabarmentzekoa da Aritz Conderen azkena izan zela, Athletic Clubeko jokalari berria da dagoeneko eta Ibaiganeko klubean jarraituko du bere prestakuntza etaparekin.
Taldea indartsu atera zen aurrean aurkari zaila eta maila jakin batekoa zuela jakinda. Ondo gordeta eta kontraerasoan irtenda, min handia egin zuten norgehiagokako lehen zatian, eta Gabik aukera bikaina izan zuen golari begira asmatu ezin izan zuelarik atezainaren aurrean bakarrik gelditua zenean. Bazirudien partida une gozoan zegoela gureentzat, baina area barruan askotan gertatzen diren egoera horietako batean, epaileak zigorrik handiena ezarri zion taldeari penalti puntua seinalatuz. Ibra izan zen geldialdi on batekin talde txuri urdina ez aurreratzearen errudun.
Ondoren trantsizio azkar bat iritsi eta Aritzek maisuki bukatu zuen jokaldia atezainari kapela bat botaz eta aldeko 0-1ekoa ipiniz. Markagailu horrekin iritsi ginen atsedenaldira geureek partida ona eginez eta etxekoak, zertxobait gehiago kostata, Ibrak defendatutako atera iristen zirelarik oso tarteka.
Bigarren zatian partidak bira eman zuen. Talde txuri urdina kontrolaren jabe egin zen eta horren ondorioz markagailua irauli ahal izan zuen gureak fin ibili ez ziren bi jokaldietan. 2-1ekoarekin, epaileak beste penalti bat adierazi zuen, baina Ibraren figurak, lehen zatian bezalaxe, etxeko jokalariak golari begira asmatu ez zezan balio izan zuen. Jarraian eta alboko erdiraketa baten ondoren Unsainek area barruan golean amaitzeko baliatu nahi zuen momentuan, bertako atzelari batek eraitsi zuen, baina ez nahikoa, arbitroen hirukoteak hala erabakita. Hala eta guztiz ere, Mendiarenek partida ahalik eta ondoen lantzen jarraitu zuten eta gutxigatik ez genuen saririk lortu. Josebak buruz alboko falta bat, Xabiren jaurtiketa bat edo Searak aprobetxatu ezin izan zuen alboko erdiraketa bat errematatu zituzten hurrenez hurren.
Partida txukuna eginagatik geure lehenengo taldeak ligako bigarren porrota jaso zuten, baina garaipenaren bidera itzultzen saiatuko dira hurrengo partidan, Berion, Gazte Berriak nafarren aurka.
Ez zen posible izan.

