Bueltan dira infantilak eta Ohorezko Kadetea jardunaldi honetan. Ondorioz, emakumezkoen egiturako talde guztiak prest ditugu lehiatzeko eta orain arte erakutsitako sentsazio onei jarraipen egokia emateko. Jarraian asteburuak dakarrena.


OHOREZKO KADETEA

Txapeldunen fase honetako laugarren partida Gurruren jokalarientzat. Taldea gabonetako etenaldi honen ostean itzuliko den arren, gogora dezagun iazko azken jardunaldian Eibarren aurka lortutako garaipen handia. Beraz, helburua Antiguokoren zalegoari etxean beste poz bat ematea izango da. Gainera, derby bat da eta jokoan dauden puntuek balio handia dute goiko postuetan finkatzeko. Martutene K.E., bere aldetik, etxekoen saiakera zailtzen saiatuko da fase honetan lehen puntuak lortu ahal izateko (nahiz eta partida bat gutxiago jokatu duen).

Partida igandean 12:00etan Berioko futbol zelaian.


LEHEN MAILAKO KADETEA

Cotiren taldeak bigarren postuan bukatuko du fasea partida honetan gertatzen dena gorabehera. Hala ere, txalotzekoa da fasean zehar ikusi dugun aurrerapena, eta hori, zalantzarik gabe, entrenamenduetan egin den lan handiaren emaitza da. Asteburu honetako partida Berion jokatuko du taldeak fase honi amaiera ona emateko asmoz. Horretarako, neskek Usurbili aurre egin beharko diote, zeina 4. postuan heldu den Añorga K.K.E. liderraren aurka meritu handiko garaipena lortu ondoren.

Partida larunbatean 16:45ean La Salle futbol zelaian.


 F-11 INFANTILA

Maialen eta Oihaneren neskek Karla Lekuona bisitatuko dute txapeldunen faseko zazpigarren jardunaldia jokatzeko. Bizi duten bolada bikaina ez da oztopo izango zelaira jarrera, sendotasun eta grinarekin ateratzeko. Aurrean, etxeko azken bi konpromisoak irabazi dituen aurkari bat izango dugu, eta, gainera, atea 0ra utziz bi kasuetan. Beraz, gozatzera, zuek dakizuen bezala lehiatzera eta espero dezagun puntuak Antiguara ekartzea. Animo.

Partida igandean 10:00etan Karla Lekuona futbol zelaian (Oiartzun).


 F-8 INFANTILA

Urtea etxean hasiko dute gure f-8ko neskek Martutenari aurre egiteko  2023 handi bat era bikainean itxi ondoren. Orain arte, duda izpirik gabe, taldeak kalitatezko lan andana egin du eta bikain lehiatu du une oro. Horrela, helburua bide beretik jarraitzea izango da, entrenamendu eta partida bakoitza hobetzeko eta ikasteko aukera gisa ulertuta betiere.

Partida igandean 15:30etan La Salle futbol zelaian.