
Larunbateko lagunartekoek oso emaitza ezberdinak utzi zituzten. Gizonezkoen lehen taldeak ezin izan zion Touringi aurre egin, urdinen akatsak asko zigortu baitzituen atsedenaldira 4-1 joateko (Otalora izan zen golegilea). Bigarren zatian, gure taldeak hobera egin zuen, baina ez zen nahikoa izan partida 5-1 bukatzea saihesteko. Denboraldiaurrea prestatzen jarraitzea egokitzen da.
Euskal Kadeteek partida parekatua jokatu zuten Tudelanoren aurka eta Hodei Lopezek korner batean sartutako golari esker 1-0 irabazten hasi ziren. Tudelanok 1-2 irauli zuen markagailua, baina talde urdinak erreakzionatu eta indartsu bukatu zuen partida, Marcek eta Oskitzek, bi bider, sartutako golekin.

