
Atsegin handiz jaso gaitu Peru Ruiz (2001) jokalariak. Antiguoko Kirol Elkartean urteak eman zituen Astigarragako aurrelariak eta egun Real Unionen jokatzen dago 1.RFEF mailan, Cadizek utzita. Igandekoa partida berezia da berarentzat ere, elastiko urdina eta elastiko horia aski ezagunak dituelako.
Kaixo Peru. Zer moduz zaude? Nola doa denboraldia?
Ondo aurkitzen naiz. Egia da taldearen denboraldia gorabeheratsua izaten ari dela emaitzei dagokionez. Hasieran oso ondo hasi ginen arren, ondoren beheraldia nabarmena izan genuen. Hala ere, taldea egoera iraultzeko lanean topera ikusten dut. Horrez gain, pertsonalki minutu gehiago izan nahiko nituzkeen arren, egunerokotasunean horretarako borrokatzen ari naiz, ilusio eta gogo handiarekin, eta uste dut saria iritsiko dela zentzu horretan.
Zer duzu gogoan Antiguokon jokatu zenuen garaitik?
Oso oroitzapen onak ditut Antiguokoko etapatik. Gogoan dut oso futbol intentsoa zela, egunerokotasunean hala transmititzen zigutelako gehien bat. Era horretan, partida bakoitzean azkenekoa balitz bezala lehiatzen genuen. Oro har partida eta txapelketa asko oroitzen ditut, zeren urtero 10 bat torneotara joaten ginen. Bertan, egitura profesional edota maila altuko arerioen aurka jokatzen genuen eta emaitza oso positiboak erdiesten genituen gehienetan. Nire generaziotik Antiguokon kide izan nituenetako batzuk egun lehenengo mailan daude, Ander Barrenetxea eta Jesus Owono kasu.
Jarraitzen al duzu gure egunerokotasuna?
Bai noski, oraindik jarraitzen dut, nire anaia Euskal Gazten lehiatzen dagoelako elastiko urdinarekin, besteak beste. Gainera, oraindik ere sailkapenei, zein jokalari dagoen maila altuan eta abarri erreparatzen diot, batez ere lehenenengo taldeari dagokionez, eta aurten albiste pozgarria izan da Errege Kopara berriro ere iritsi ahal izatea.
Eta Cadizi dagokionez? Oraindik harremanik al duzu bertakoekin?
Cadizeko lehen bi taldeak jarraitzen ditut gehienbat. Izan ere, bigarren talde horretan nire kide izandako asko daude oraindik, eta bertan jolasteagatik betirako lotura berezi bat izango dut talde horrekin. Cadiz kluba zeharo xumea da eta harremana bikaina da langile eta jokalarien artean, eta hori funtsezkoa da jokalari asko kanpotik etorritakoak direlako. Han duten umore, nortasun eta izaera bitxi horrekin, giroa eta klima benetan eramangarri eta osasuntsua da.
Nola definituko zenuke klubaren azken urtetako ibilbidea?
Orokorrean, Cadiz hazten doa eta proiektua egunez egun dimentsio handiagoa hartzen ari da, batik bat lehen taldeak lehenengo mailan denbora daramalako eta hor asentatzeak ekonomikoki bultzada handia eman diolako. Zentzu horretan, harrobia hobetzea ekar dezakeen motiboak dira zalantzarik gabe.
Nabari da harrobian eragina, hortaz?
Lan ona egiten ari dira harrobian, azken urtetan ikusi dudanagatik, metodoari, lanari, gimnasioari, azpiegiturari eta abarri dagokionez aurrerapen handiak egon baitira. Orain arte behar bada ez zaio eman hainbeste garrantzi, eta ikusi ahal izan dugu jokalari gehienak ez direla finkatu lehen taldean. Hala ere, hazkuntza guztiek bezala, ildo horretan ere kluba aurrerapenak ematen dabil eta azkenaldian entzunak dira lehen taldearekin diharduten harrobiko jokalari batzuk. Nire ustez, etorkizun batean jokalari anitz emango dizkio lehen taldeari harrobiko egiturak.
Ospe handia dute Cadizeko jarraitzaileek. Zer esan dezakezu haien inguruan?
Zaletuei dagokionez, bertako jendeak emozio handiarekin bizitzen du taldearen dinamika. Nuevo Mirandilla zelaira joatea besterik ez dago zure begien aurrean ikusteko, jendea zutik, bufandak airean… Fideltasun handiz bizi dute egunerokotasuna, ilusio izugarria pizten du futbolak Cadizen, eta emaitza onenak ez badira ere ekinean jarraitzen dute taldea hauspotzen. Beraien bizitza balitzan disfrutatzen dute, eta esperientzia benetan bikaina da Cadizen partida bat bere etxean bizi ahal izatea.
Jubenilen Errege Kopan zentratuz, ezagutzen duzun txapelketa al da?
Bai, noski, ondo ezagutzen dudan txapelketa da, nahiz eta kategoria horretan eman nituen bi urteetan jokatzeko aukerarik ez nuen izan, lesionatua egon bainintzen lehenengoan eta ondorengoan Covid19-a dela eta ezin izan zen jokatu. Hala ere, badakit txapelketak formatuz aldatu duela eta egun urtean zehar jolastea aldaketa ona iruditzen zait, denboraldia lehenago bukatzen delako eta atsedenerako denbora gehiago dagoelako ondorioz. Gainera, neurri horrekin, txapelketak hasieratik emozio handia pizten du sailkapeneko postuei dagokionean.
Berion ikusiko zaitugu Igandean? Zeinek uste duzu irabaziko duela?
Ez dakit zuzenean joateko aukera izango dudan, baina lanak utziz gero bertan izango naiz. Partida oso gogorra izango dela iruditzen zait. Batetik, Antiguokok beti zinez talde lehiakor, indartsu eta intentsoak izaten ditu, aurtengoa kasu. Cadizek, antzeko ildoan, bere identitatean txertatuta dauzka lerroak juntu ta defentsa sendoa izatea. Gainera, azken bi denboraldietan ikusi ahal izan dudanez, jubenilak talde polita dauka, jokalari interesgarriekin. Ondorioz, ez dakit zein den faborito, baina ziur partida oso ona ikusiko dugula, eta beraz, onenak irabaz dezala.

