Emakumezkoen lehen taldeak etxeko lehen garaipena lortu zuen Emakumezkoen Euskal Ligan Anaitasunaren aurka, Berion, Euskal Ligako  hirugarren jardunaldiko partidan. Moralesek zuzentzen duen taldeak partida bikaina sinatu zuen talde gorritxoaren aurka.


Hasierako txistualditik, etxekoek entrenamenduetan egindako lan guztia belar gainean islatuko zutela uste zuten. Norgehiagoka oso goiz jarri zen alde: 30. segunduan Kirak aurretik jarri zuen taldea falta jaurtiketa bikain batekin. Hortik aurrera, taldea nagusi izan zen eta gol aukera ugari sortu zituen. 7. minutuan, Udanek abantaila handitu zuen areaz kanpotik egindako jaurtiketa indartsu batekin, aurkariaren ate barrura sartu zelarik, 2-0ekoa sinatuz.


Gureen nagusitasunak bere horretan jarraitu zuen, eta 20. minutuan Ainhoak atezainari aurrea hartu zion banatutako baloi batean 3-0ekoa nahi bezala sartzeko. Bost minutu geroago, Anek beste jaurtiketa handi bat egin zuen, 4-0ekoa ipintzeko markagailuan. Antiguokok ez zuen erritmoa jaitsi, eta 32. minutuan, Leirek jokaldi konbinatu polit bat burutu zuen, atsedenaldira iristeko 5-0ekoa ezarriz.


Atsedenaldiaren ostean, Anaitasunak lehen zatian baino ekimen gehiago erakutsi zuen, baina Antiguokok bere jokoa inposatzen eta aukerak sortzen jarraitu zuen. 52. minutuan, Carlotak 6-0ekoa sartu zuen, alboko falta ondo gauzatuta. Etxekoen nagusitasuna azken unera arte mantendu zen, eta 82. minutuan, Del Riok azken golpea eman zuen 7-0ekoarekin, Olaiaren pase bikain baten ondoren.


Garaipen aparta taldearentzat, joko ikusgarri eta ondo landuarekin maila berrian pausu sendoz finkatzen ari dela erakutsiz. Taldeak hurrengo erronka du jadanik buruan: Erandio Betiko Neskak liderrari bisita, datorren larunbatean, batzen jarraitzeko asko eskatuko duen partidan.