
Inauterien ospakizunak markatutako asteburua izan arren, gure 4 taldek lehiatuko dute asteburu honetan: 3 gazteak eta Ohorezko Kadeteak. Beraz, gerlariz mozorrotzea eta ahalik eta emaitzarik onenak lortzeko borrokatzea dagokigu.
GAZTEEN LIGA NAZIONALA
Maila altuko partida larunbat honetan Berion biziko duguna. Izan ere, Unai Gazpiok zuzendutako taldeak bigarren itzuliko hiru partidak irabazi ditu eta Athletic bezalako arerio handi baten aurka jokatuko du. Sailkapenari dagokionez, gureak bosgarren eta lehoiak bigarren postuan daude. Gainera, bi taldeak 6 puntuk bakarrik banatzen ditu eta, beraz, urrezko aukera da gureentzat goiko postuetan finkatzeko. Lehen itzuliko partidan, Lezaman, erakutsi genuen lor genezakeela eta hartara berdegunera hiru puntuak lortzeko gose handienarekin atera beharra dago. Aurrera mutilak.
Partida larunbatean 12:00etan Berio futbol zelaian.
GAZTEEN EUSKAL LIGA
Txakarren taldeak Hondarribia bezalako kostaldeko herri ederra bisitatuko du, iragan jardunaldian partida txukun batekin irabazi ondoren. Talde igo berria izan arren, talde berdea bikain moldatu da kategoriara, eta horren erakusgarri da sailkapenean zazpigarren postuan egotea. Gainera, elkarren segidako bi garaipen kateatuz iristen dira. Hala ere, gureak prest daude eta Hondartzatik emaitza on bat ateratzeko konfiantza osoa dute.
Partida larunbatean 12:00etan Hondartzako instalazioetan (Hondarribia).
OHOREZKO KADETEA
Larunbatean Michelin futbol zelaia bisitatuko du Mikelen taldeak hiru puntuen bila. Hernaniren aurka Berion maila altua erakutsi ondoren, mutilek egindakoari jarraipena eman nahi diote partida menderatzen saiatzeko. Aurrean, Ostadar une gozoan dator, bere azken bi partidak irabaziz eta liga erregular osoan bikain lehiatuz. Ez galtzeko partida da, eta horren bila goaz.
Partida larunbatean 10:30etan Michelin futbol zelaian (Lasarte-Oria).
