
2010an jaiotako Infantil Txiki mailan aritu diren mutilak dagoeneko Gipuzkoako txapeldun dira, larunbatean Donostiako Matigoxotegi futbol zelaian CD Vasconiari 1 – 2 ko emaitzarekin gailendu ostean. Meritu eta lorpen izugarria Eneko Arnedok zuzentzen duen taldearentzat, gaur egungo testuinguruan eta talde ezberdinek erakutsi duten mailak, ez du hau besterik baieztatzen eta.
Noski eta aurreikusten zen moduan, ez zen partida batere erraza izan geure taldearentzat eta mutilek ez zioten hasiera txarra eman partidari, aurkaria oso altu estutu nahi izan zutelarik, nahiz eta hauek garbitasunez ateratzen zuten baloia eta geure azkeneko lerroaren aurkako jokaldietan nagusitasunez gerturatzen ziren. Ordea, taldeak defentsa lan benetan indartsua eta ona egin zuen eta horrela bi jokaldi aipagarrienetan 0 – 2 ko markagailuarekin aurrea hartu genuen, partida geure aldera ezartzea lortu genuelarik eta honen eraginez kontrola handiagoa izan zen, arriskuarekin gerturatzen jarraitu genuen eta haien atera. Aurkariak noski, ez zion partidari inongo momentuan aurpegia galdu eta geure atezainak ere merituzko bizpahiru geldiketa egin behar izan zituen. Geure zoritxarrerako ordea 1 – 2 ko emaitza ipintzea lortu zuen Vasconiak markagailuan eta estu joan ginen atsedenera.
Bigarren zatia ere oso paretsu eta lehiakorra izan zen eta 15. minuturako Puiokoak jokalari bat gutxiagorekin geratu izanagatik, gogoz saiatu ziren geure atea zulatzen baina lehen zatian bezalaxe, defentsa lanetan irmo eta oso sendo aritu ginen, partidaren amaierara emaitza mantenduaz eta horrela, Gipuzkoako Txapeldunak bilakatuaz geure zaletu, familia, tekniko etab txalo zaparrada eta animo zein zorion deiadar artean.
Poza eta ospakizuna nagusitu zen Matigoxotegi futbol zelaian eta berriro ere eskerrak eman nahi dizkizuegu klubetik taldeko partaide orori, Antiguoko K.E. Gipuzkoako futboleko punta puntan jarri duzue beste behin, lanarekin eta denen konpromezu garbiarekin harrobiko futbolaren erreferentzialtasuna mantendu eta indartuaz. Pasioz eta gogo biziz, aurrera darraigu.
ZORIONAK INFANTIL TXIKI TALDE BIKAINARI ETA ZORIONAK ANTIGUOKO K.E.

