
Bolada ikusgarria eten zen igande honetan taldearentzat, Berioko instalazioetan galdu ondoren. Hasieratik erritmo benetan frenetikoa izan zuen aurkariak, baloirik gabeko proposamen ausart, arriskutsu eta oso oldarkorrarekin. Hasieratik asko kostatu zitzaien gureei goierritarren presio altuak irtenbideak topatzea eta horregatik ez ziguten utzi jokatzen eta aurrera egiten.
Taldeak bazekien zer nolako partida espero genuen, eta staffak hainbat aukera landu zituen presio altu hori saihesteko. Neskak ez ziren erabat zehatz aritu, eta horrek ez zien uzten bigarren jokaldia irabaztera iristen. Eroritako baloi horietatik aurrera, aurkaria erosoago sentitu zen eta aurkariaren zelaian finkatu zen pixkanaka. Hala ere, lehen aukera argia Antiguokorentzat izan zen, azken lerroko parekatze hori ondo kudeatu ondoren (10. min). Hala ere, 25. minutuan gorriek aurreratzea lortu zuten, arearen alboko erdiraketa batean komunikazio edo ulermen faltak eragindako akats baten ondorioz.
Bigarren denborak lehenenaren joerari jarraitu zion. Egia da gure taldea egokiago aritu zela defentsako lerroko bizkarreko bidalketa horietan, eta altuera ere pixka bat aurreratu zuten presioan, aurkariaren irteera hori deserosoago bihurtuz. Horrela, baloirik ez edukitzearen fasean, lehen baloi luzearen erorketa zegoenean, taldeak bateratuago eta txukunago egotea lortu zuen. 85. minutuan, hurbilketetako batean, Olaiak oso abagune argia izan zuen, gelditze bikain batekin aurkariaren atezaina kendu ziona. Jarraian, taldea berdinketaren bila buru-belarri sartuta zegoela, 0-2koa iritsi zen arerioak baloia gure defentsa lerroaren bizkarrera bidali ostean. Oihanek lehen jaurtiketa desbideratzea lortu zuen arren, helmugan aldaratzea bultzatzea lortu zuten.
Orokorrean Goierri Gorri hobeto eta erosoago egon zen partidu osoan zehar eta merezimenduz izan zen garaile. Urdinek ez zuten eguna izan zehaztasunari, gauzatzeari eta egokitasunari zegokienez, eta horrek, neurri batean, ez zien emaitza positiborik eman. Ez dago ezer aurpegiratzeko taldeari, arima utzi eta ahalik eta gehien sakrifikatuta markagailuari buelta eman nahi izan baitzion. Entrega eta borroka erabatekoa izan zen, baina ez nahikoa goierritarrak mendean hartzeko. Nahi baina ezin, eta gaurdanik ilusioz, gogoz eta konfiantzaz aste berezi eta polit bat prestatzeko asmotan jardungo du taldeak.

