
Askotariko emaitzak izan ditugu asteburu honetan eta, aurretikoan esan genuen eran, aspertzeko denborarik ez dugu izan, partidak era oso parekatu eta lehiatuan garatu direlako.
DEPORTIVO ALAVES 2 – 1 JUBENIL B
Ezin izan zuen punturik eskuratu Gazpioren taldeak Gasteizen. Egiari zor, bikainki hasi zuen talde urdinak partida, Errandoren gol bati esker aurreratu baitziren, Lukasen pase on baten bitartez atezaina hurbileko zutoinetik gaindituz, kontraeraso batean. Horren ondoren, ez zen lehen zati makala izan, baina taldeak ez zuen baloi irteeran erosotasunez jardun, eta horren ondorioz talde gasteiztarrak sustoren bat edo beste eman zuen. Aitzitik, lapurketa altuen bitartez kontraerasorako aukerak izan zituen talde urdinak, baina azken metrotan asmatzea asko kostatu zen. Atsedenaldirako partida nahiko kontrolatuta zegoen.
Bigarren zatian, ordea, defentsiboki asko sufritzen hasi zen, Alavesek beste martxa bat sartu zuelako. Horrela, esker hegaletik garatutako jokaldi baten ondorioz berdinketa lortu zuen etxeko taldeak. Gainera, hori gutxi balitz , 65.minutuan epaileak penaltia adierazi zuen, eta aurreko jardunaldian gerta bezala, baloia ate barrura sartu zen. Handik aurrera, taldeari egonkortzea kostatu zitzaion eta joko zuzenaren bitartez min egiten saiatu zen. Aukera oso argi bat izan arren, ez zuen asmatu ezta azken metrotan fin aritu. Fokua hobekuntzan jarriz, hurrengo erronkari begira daude mutilak.
JUBENIL C 3 – 2 ROMO
Aste batzuk esperoan egon ondoren, iritsi zen taldeak hainbeste merezi zuen garaipena. Taldeak zituen bajak ez ziren aitzaki izan egoki lehiatzeko, eta era horretan, urrearen balioa duten hiru puntu erdietsi zituen Iñigo Clavelen mutilek. Aukera gutxiko lehen zatia izan zen, eta nahiko itxia zirudien partidak itxura guztiz aldatu zuen bigarren zatian, non 30 minututan 5 gol ikusi ahal izan genituen. 60.minutuan lortu zuen markagailua irekitzea Mancik, Otaloraren pase ikusgarri baten bitartez. 13 minuturen faltan, gainera, ikusgarria izan zen Manciren golarekin, partida itxita geratzen zela zirudien. Deustuko taldeak ez zuen azken hitza esan ordea, eta 80.minutuan ederki exekutatutako falta on baten medio gol batera hurbildu zen (2-1). Emaitzak dakarren ziurgabetasunaren ondorioz, talde urdinak hortzak estututa defendatu zuen errenta laburra eta Manciren hirugarren golarekin arnasa hartu zuen. Partidako azken jokaldian Romok gola lortu arren, iada berandu zen eta puntuek ez zuten ihes egin. Zorionak, mutilak!
KADETE A 0 – 1 ROMO
Denboraldiko lehen porrota jaso zuen Iker Mendiluzeren taldeak larunbat eguerdian Berion Romo on baten aurka. Partida oso paretsua eta zailtasunez betea izan zen, talde bisitariak bigarren zatian konpondu zuena, urdinen desoreka baten ondoren, golean amaitu zena. Partida osoa garatu zuten gureek eta ez zen aurkaria baino gutxiago izan. Lehia parekatsua eta arean denbora gutxi igaro zuena izan zen. Hurrengo asteko Ibaiako partidari begira daude mutilak, hobetzeko eta ilusiorik handienarekin aurre egiteko. Aurrera!
KADETE B 3 – 0 BETI ONA
Igande goizeko partida Beti Onaren aurka Berion, taldearen balioa eta eguneroko lan ona erakusteko beste aukera bat. Partida urdinen nagusitasunarekin hasi zen, baloiarekin zein baloirik gabe. Pabloren mutilak hegalekin azkar jolasten saiatzen ziren, 1 v1ean jokatzeko eta bi puntetako erremateen bila erdiratzeko. Aldiz, aurreko asteko dinamikarekin jarraituz, lehen gola sartu zen geldikako baloiari esker, non korner baten irteeran Anderrek gola sartzeko aukera izan zuen. 1-0 eta atsedenaldira.
Emaitza traidore” horrekin, taldeak ezin zuen erlaxatu eta golen bila jarraitu behar zuen eta taldeak bide berdinetatik eman zion jarraipena, jabetzatik sortzen saiatuz. Bigarren zatia, horrela, lehenengoaren modu berean hasten zen. Azkar, Niñoren gol baten bidez, 2-0 jarri ginen eta horrek airea eman zion taldeari. Azken minutuetara iritsita, blokea sufritzen hasi zen aurkariaren trantsizio azkarrengatik eta behartu gabeko akats propioengatik. Partida, ordea, Xabiren golarekin bukatu zen (3-0). Beste jardunaldi batean golak sartzea eta atea 0ra mantentzea lortu genuen. Pixkanaka, taulako posizioak eskalatzen ari gara, eta, aldi berean, konfiantza eta sentsazioak areagotzen ari dira.
INFANTIL A 0 – 0 KOSTKAS
Txakarrek zuzentzen duen taldeak fase berria hasi zuen Berion jokatutako partidan. Partidan ikusi ahal izan genuen lehen zatian gureek irizpide handiz jokatu zutela baloia jabetza luze eta eraginkorren bidez. Aukerak, ordea, ez ziren gauzatu, non langa bi aldiz, aurkariaren atezaina eta asmamenik eza izan ziren mutilak markagailuan aurretik ez jartzeko eragozpenak.
Bigarren zatian, partidak antzeko gidoia jarraitu zuen, baina egia da gehiago ireki zela eta “olatuak” etengabekoak izan ziren bi aldeetan. Azkenean, partida laburra egin zen, eta egindako merituengatik gutxi suposatzen duen puntu bat batu genuen, baina taldearen ahalegin eta lan onaren erakusgarri argiarekin.
SAN MARCIAL 0 – +5 INFANTIL B
Nagusitasunez ekin zion fase berriari Uritzen taldeak, talde irundarra menderatuz. Gainera, defenstsa ariketa on baten bitartez atea hutsean mantentzea lortu zuen. Estreinu interesgarria, zeina hasierako urduritasunak kentzeko eta bidea ilusioz jarraitzeko gakotzat har daitekeen. Ibilbide luze honetako lehen urratsa emanda, egunerokotasunean arreta jarriz hobetzen jarraitu beharra dago.

