Iñigo Mendiak bigarren denboraldia du lehen taldean. Gazte mailako txapelketa honen zailtasunaren jakitun, ilusioz eta baikortasunez ekingo dio dagoeneko bertan dugun hasiera honi. Iñigo pertsona lasaia, apala eta atsegina da, eta gozamena da berarekin hitz egin ahal izatea.


1.- Amaitu da denboraldiaurrea. Zer balantze egiten duzu Iñigo?

Balantzea positiboa da zalantzarik gabe. Entrenamendu-saio gehiago edukitzera bideratu dugu, eta ez hainbeste lagunarteko desberdinetara, egunerokotasuna ahalik eta gehien aprobetxatzeko. Jokalarien jarrera txalotzekoa izan da eta gure exijentziari lehen egunetik bikain erantzun diete.

Alde negatiboa ia beti bezala, lesioen ondorioz gertatu da. Jokalariren bat edo beste galdu dugu, horrek taldean bertan eta prestaketan sortzen duenarekin.

Azkenik, adierazi behar dut oso pozik nagoela denboraldiaurrea gurekin egin duten bigarren taldeko jokalariekin. Maila handia erakutsi dute, eta onena da edozein unetan ekarpenak egin ditzaketela egiaztatu dugula.


2.- Jokalariak behar bezala iristen al dira liga hasiera honetara?

Neurri handi batean, egoera ezin hobean. Denboraldia hasteko gogoz daude eta oso motibatuta ageri dira. Liga hasiera da eta horrekin jokalariari gehien gustatzen zaiona hasten da duda izpirik gabe. Ez du inork galdu nahi, lehen partida honetan egoteko aukera eta nabaritu egiten da saioetan.


3.- Nola ikusten duzu lehen jardunaldi hau?

Lehenengo jardunaldian denok hasten gara zenbaki hutsetik eta honekin esan nahi dut ez dagoela talderik ez goian ez behealdean, gero sailkapenak sortzen dituen gorabehera emozionalik gabeko jardunaldia izan ohi da. Denok berdin hasiko gara eta daukagun guztia emateko nahiarekin. Beraz, jakin badakigu oso gogorra eta zorrotza izanen dela Durangoko Kulturalaren aurkako lehen partida hau.


4.- Zer deritzozu kategoriari, konta iezaguzu zure inpresioak.

Beti bezala, goi mailako txapelketa izango da. Ez da aurkari errazik izango, eta igo berriak ere maila eta prestakuntza-tradizio handiko taldeak dira, oinarri sendoko egiturak dituztenak. Nafarroan, adibidez, Txantrea KKE dago, eta zer esanik ez Durangoko Kulturala edo SD Leioa bezalako egiturei dagokienez… Ziur nago Ligako maila sendotuko dutela. lan handia eta ona egin beharko da gauzak behar bezala egiteko, baina gaituta gaude.