Bueltan da gure liderra. Bueltan da Endika Moralesek zuzentzen duen taldea.  Igandean 12:15etan Berion jokatuko den neurketa garrantzitsua eman beharreko beste aurrerapauso garrantzitsu bat dugu. Izan ere, gogora dezagun geldialdia baino lehenago taldeak erdietsitako datu ikusgarriak: 16 garaipen eta porrot bakar bat. Taldea jakitun da, ordea, oraindik asko gelditzen dela, 13 partida baitaude aurretik jokatzeke.


Tolosa izango da igande honetako arerioa. Talde sendoa eta indartsua dugu, zalantzarik gabe, azkeneko lau partiduetan bat bakarra galdu duena, besteak beste Mariño Real Unión bezalako taldeen aurka berdinduz. Hasieran emaitzak lagun ez izan arren, tolosarrek egoera iraultzen jakin dute eta beheko postuetatik merezimendu osoz aldendu ahal izan dira.


Gureak Berion lehiatzen gustura dira, bertan jokoan egon diren puntu guztiak eskuratu baitituzte. Badakite helburu lodiak lortzeko ezinbesteko faktorea dela etxean indartsu egotearena, eta oraingoz oso ongi ari dira jarduten alderdi horri dagokioenan. Hala ere, egunerokotasunaren, prozesuaren eta partiduz partiduko filosofiatik kanpo dagoen mezu oro ekidin nahi du taldeak, hiru printzipio horiekin baitago lanean aurredenboraldi hasieratik.


Finean, bide luze honetako beste etapa bat aurretik. Ilusioz eta baikortasunez, ametsak egi bihur daitezen borrokatzeko prest daude gureak. Zorte on, neskak.