Partiduz beteriko asteburua, Gazteen Nazional Mailako derby gipuzkoarra eta Kadeteen Euskal Ligakoderby donostiarra nabarmendu daitezkelarik. Otsaila amaitzen den honetan zalego urdinari berri onak eskaini nahi dizkiogu eta helburu hori lortzeko ondoren aztertuko ditugun partidetan bikain lehiatu beharko da.

GAZTEEN LIGA NAZIONALA

Unai Gazpioren taldeak igandean biribildu nahi du egin duen hilabete ezin hobea. Jokalariak gogotsu daude konpromiso zail baina gustagarri honi aurre egiteko gure etxeko entrenatzaile izan zen Haritz Otxotorenak zuzentzen duen Hernaniren aurka. Talde berdeak 10 puntu daramatza azken 15 puntuetatik eta urte hasiera bikaina egiten ari da. Hala ere, gureek 5 garaipen daramatzate jarraian eta, beraz, konfiantzaz gainezka daude. Espero dezagun faktore horrek gure alde jokatzea eta ez kontra. Egundoko norgehiagoka begibistan. Aurrera mutilak.

Partida igandean 17:15ean Berioko futbol zelaian.

GAZTEEN EUSKAL LIGA

Irteera gogorra izango du Txakarren taldeak larunbat honetan, Ibarra bisitatuko baitu Union Deportiva Aretxabaletaren aurka jokatzeko. Gureak lanean ari dira berriro puntuak biltzeko eta horretarako ez dago larunbatekoa baino aukera hoberik. Joaneko partidan bi taldeen arteko berdintasuna ikusi ahal izan genuen (1-1) eta kasu honetan ere partida parekide bat aurreikusten da, 4 puntuko aldea baitago soilik antiguarren eta aretxabaletarren artean. Espero dezagun sailkapenean alde gutxiago egotea norgehiagoka amaitzen denean. Zorte on, mutilak.

Partida larunbatean 15:30etan Ibarra futbol zelaian (Aretxabaleta).


KADETEEN EUSKAL LIGA

Derby handia Berion larunbat goizean. Antiguoko eta Kostkas izango dira nor baino nor gehiago hiru puntuen bila. Gogora dezagun Matigoxotegin jokatu zen joaneko partida ezin izan zuela bietako inork irabazi (0-0). Aurkaria meritu handiko denboraldia egiten ari da, partida bakoitzean maila handian lehiatuz eta puntu garrantzitsuak lortuz. Hala ere, gureak bigarren dira sailkapenean, ez dute garaipena ez den besterik ezagutzen 2024an eta konfiantzaz eta ilusioz gainezka daude. Partida handi bat biziko dugu, zalantzarik gabe. Goazen, mutilak.

Partida larunbatean 12:00etan Berio futbol zelaian.


OHOREZKO KADETEA
Derby donostiarra ere izango dugu Kadeteen Ohorezko Mailako hogeita bigarren jardunaldian, Mikelen taldeak partida erakargarria jokatuko baitu Puion. Badakigu taldearen sasoi ona, egunerokotasun zoragarria eta emaitza bikainak direlarik horren islada. Hala ere, aurkari orekatua eta lehiakorra izango dugu aurrean, eta gogora dezagun joanekoan Berion 1-3 irabazteko gai izan zen taldea dela. Bolada handi honi jarraipena emateko prest gaude, ordea. Goazen horren bila.

Partida igandean 12:00etan Puio futbol zelaian (Donostia).


INFANTIL HANDI

Hasi da gure 2010eko belaunaldiko Infantilarentzat txapeldunen fase honetako bigarren itzulia. Aurrez aurre Kostkas C.D. egongo da, joaneko partidan Berion berdintzeko gai izan zen talde bera. Gureek hobekuntza nabarmena erakutsi dute partidu hauetan zehar eta hori bera islatu nahi dute Matigoxotegiko soropilaren gainean. Egiari zor, futbol partida handi bat jokatzeko zelai ederra eta gustagarria dugu. Gozatu eta borrokatzera, beraz, mutilak.

Partida igandean 12:30ean Matigoxotegi futbol zelaian (Donostia). 


INFANTIL TXIKI

Uritzen taldeak, asteburu urdinari hasiera emango dion partidan, egiten ari den lan bikainari jarraipena ematea izango du helburu. Aurkaria San Marcial irundarra izango da, fase honetako lehen garaipena lortu nahi duen taldea. Urtean zehar ikasitako guztia erakusteko beste aukera bat mutilentzat. Goazen.

Partida larunbatean 10:30etan Berio futbol zelaian.