
OHOREZKO MAILA 2 – 0 INTXAURDI KE (ERREGIONALEN OHOREZKO MAILA)
Garaipen handia lortu zuen emakumezkoen lehen taldeak igande arratsean Berion jokatu zen partidan. Aurrean, Intxaurdi KE aurkari donostiarra, gureetatik hiru puntura zegoena. Geure taldeak partida benetan praktikoa egin zuen eta garaipena erdietsi zuen 2 – 0eko aldeko markagailuarekin. Horrela, jokoan izan diren azken bederatzi puntuetatik, geureek sei lortu dituzte, eta horrela bederatzigarren postu eroso batean aurkitzen gara sailkapenean, denboraldiko bigarren zati honetan postuak igotzen jarraitzeko anbizioari eutsiz.
HONDARRIBIA FE 1 – 2 GORENGOEN MAILA (GORENGOEN MAILA)
Beste asteburu batez geure bigarren taldea zoriondu beharrean gaude. Partida bikaina jokatu zen Hondarribiko mugako lurretan, ezin bestela izan, talde urdineko liderrak indarrak neurtu baitzituzten etxeko taldearekin, bigarren postuan dauden berdeen aurka jokaturiko partida ederrean. Benetan interesgarria izan zen lehia larunbata arratsean, non geureek oso ongi defendatu zuten lehen postua, izan ere Udaneren bi golekin, sailkapenaren gorenean tinko mantentzen gaituzten urrezko puntuak lortu genituen. Ikusgarria benetan egiten ari zaretena.
MARIÑO CD 1 – 6 OHOREZKO KADETEA (OHOREZKO KADETE MAILA, TXAPELKETARAKO FASEA)
Garaipen ona lortu zuen Irunen Ohorezko Kadete Mailako taldeak Mariño CD taldearen aurka, Ventasen jokatutako partidan. Bost jardunaldi jokatu eta gero, sailkapeneko postu altuenean jarraitzen duen taldea da geurea, hamabost puntu ederrekin. Amaiur eta Etxabe partida bikoitzean, Cloe eta Olaia izan ziren golegileak larunbat eguerdian jokatu zen partidan. Beraz, SD Eibarreko armaginen aurka Berion jokatu beharreko hurrengo partida benetan interesgarria izanen da.

