ERREGIONALEN OHOREZKO MAILA + 5 – 2 LEINTZ ARIZMENDI K.E.

Ederra izaten ari da lehenengo taldearen ibilbidea bigarren itzuli honetan. Denboraldi hasiera ez zen onena izan, baina lanak emaitzak eman eta ekartzen dituela esan ohi da eta oraingo honetan ere ez da gutxiago izanen. Igande arratsean jokatutako partidan, sailkapeneko seigarren postua zuen Debagoiena eskualdeko kluben baturen emaitza den Leintz – Arizmendi KE genuen bisitari eta markagailua geure aldekoa izan zen argi eta garbi. Taldea oso oso maila onean aritu zen eta dagoeneko beste postu bat igo du sailkapenean, azken aurkariak okupatzen zuen seigarren postuan kokatu baikara azken garaipen honekin. Hortaz, martxa bikainari jarraipena eman nahiko diote geratzen diren azken bi jardunaldietan eta batek daki, agian, beste posturen bat ere igo dezakegu sailkapenean. Saiakera eginen dugu behintzat.


DUNBOA EGUZKI CD 2 – 1 GORENGOEN MAILA

Porrota geure bigarren taldearentzat igandeko azken orduan Iruneko San Jose Obrero futbol zelai jokatu zen neurketa gogorrean. Zuriñek geure taldearentzat egindako golak ez zigun balio izan punturik urratzeko mugaldeko lurretan eta beraz, eskuhutsik bueltatu ginen etxera. 10 puntu eta sailkapeneko bigarren postua geure harrobiko taldearentzat, oso merituzkoa izaten ari den denboraldi honetan. Ongi amaitzea ere garrantzitsua izanen da datorren astean.


GOIERRI GORRI F.K. 0 – 1 KADETEEN OHOREZKO MAILA

Cotiren taldeak ez du erritmoa jaitsi nahi eta larunbata arratsez beste garaipen berri bat lortu zuten Lazkaon jokatu zen neurketan. Goierritarrek ezin izan zuten geure talde txapeldunarekin eta egia esatearren, lortzen ari garen zenbakiak ikusgarriak dira. A zer nolako lorpena, txapela kentzeko modukoa izaten ari da aurtengoa, hots, txapeldunen fasean 49 puntu eskuratzea ez da ez ahuntzaren gauerdiko eztula eta ez dago talde eskuren esku. Partida bakarra berdindu ez besteak garaipenak izan dira eta horiek hitz handiak dira. Partida bakarra geratzen zaigu liga txapelketan eta ziur berriro ere garaipen gosez zelairatuko direla geureak.


INTXAURDI K.E 0 – 2 INFANTILEN OHOREZKO MAILA

Ona izan zen Ohorezko Infantil mailako jokalariek jokatu zuten norgehiagoka eta garaipena eskuratu genuen Intxaurdi KE talde donostiarraren aurka Udaberri Txapelketa deitzen zaion laugarren jardunaldian. Pozik gaude benetan 11ko futbolera taldeak ageri duen egokitzapen eta kontzeptu ezberdinen asimilazio ikasketaren prozesuarekin eta larunbatean Norak sartutako bi golei esker garaipena eskuratu zen. Dudarik gabe, etorkizun oparoa dugu.