GAZTEEN MAILA NAZIONALA

Gazteen Maila Nazionala pixkanaka bere amaierara heltzen ari da eta Pabloren mutilek azken aurreko partida jokatuko dute larunbata goizean. Beraz eta egutegiari so eginez, taldeak izanen duen azken bidaia izango da aste honetakoa eta hau Bilboko Mallona futbol zelaira eginen da. Bizkaitarrek maila galdu dute Ohorezko kategorian eta beraz, haien harrobi diren taldeak automatikoki ezin izango diote mailari eutsi, baina hala ere ziur denboraldia itxuroso amaitu nahi izango dutela eta partida ona egiteko helburuan aterako direla zelaira. Gu ere helburu berdinarekin goaz hara, partida txukun bat egin eta puntuak eramateko asmoa baitugu, sailkapenean ahalik eta gorenen geratzeko asmoa dugularik.

Partida larunbatean 12:30 tan Bilboko Mallona futbol zelaian. 

 

GAZTEEN EUSKAL LIGA

Berion jokatuko duen azken partida izango da larunbatekoa Pituk zuzentzen duen taldearentzat. Etxekolanak ederki burutu ditugu aurten ere eta liga txapelketa amaiera lasaia bizi dugu hirugarren taldean, lan onaren seinale garbia. Hala ere beti lehiakorrak izatea eskatzen dugun heinean, taldeak itxura ematen jarraitu nahi du geratzen diren azken bi partidu hauetan. Lehena, CD Galdakaoren aurkakoa izanen dugu eta partida honetan garaipena eskuratu nahi da sailkapeneko lehen zortzi postuetan geratzeko helburuak bertan jarraitzen du eta.

Partida larunbatean 15:30 tan Berioko futbol zelaian.


KADETEEN EUSKAL LIGA

Behin txapeldunen fasea amaituta, kanporaketa bikaina eta berezia dute Iker Larrañagarenek Zubietako Kirol Instalakuntzetan jokatuko den neurketan. Kadeteen Euskal Kopako final laurdenak jokatuko dira bertan eta aurrean talde txuri urdina izanen dugu. Partida bakarrera jokatuko den kanporaketa izanik, dudarik gabe aurrez oso berdindua dagoen partida izango dela dirudi. Geureak mimo eta grina handiz prestatzen ari dira neurketa hau, jakinik partida erakargarria dela eta benetan erronka handia dela bertan irabaztea. Dudarik ez dugu taldeak aurpegia emango duela eta hurrengo kanporaketara igaroko dela. Aupa ekipo.

Partida larunbatean 10:30 tan Zubietako Kirol Instalakuntzetan.

 

KADETEEN OHOREZKO MAILA

Laugarren postuan kokatuagatik, eta zergatik ez, gora begira amaitu nahi du denboraldia Ohorezko Mailan lehiatzen duen geure talde kadeteak. Aurreko jardunaldian partida oso interesgarria egin ostean, oraingoan Ostadar S.K.T. talde lasartearri eginen diogu bisita Mitxelingo futbol zelai handian jokatuko den 29. Jardunaldian. Bi partidu besterik ez dira falta denboraldia amaitzeko eta Gorkarenak ahalik eta zapore gozoenarekin agurtu nahiko lukete urte on hau. Horretarako aukera beraz probestu beharrean gaude larunbata arratsean dugun norgehiagokoan. Lasarte – Oriatarrak bosgarren dira sailkapenean eta talde indartsu eta maila altukoa dute. Ekin lan horri.

Partida larunbatean 17:45 tan Lasarte – Oriako Mitxelin futbol zelaian.

 

INFANTILEN OHOREZKO MAILA

Txapeldunen fase honetako 14. Jardunaldia eta beraz, azken partida jokoan Uritz Ansoaldek zuzentzen duen taldearentzat. Lehen postua ziurtatuta dugun arren, denboraldiko azken txanpa ona egin behar dugu orainarteko lan onari eutsiz. Azken jardunaldi hau Hondarribin jokatuko dugu eta badakigu horrelako ederki lehiatzen dituztela lehiak eta beraz, fase hau ahalik eta hobekien borobildu behar dugu, partida egoki eta txukun bat eginez. Ondo bukatu beraz fase honi dagozkionak.

Partida igandean 12:00 tan Hondarribiko Ondartza futbol zelaieko anexoan.

 

INFANTIL TXIKIA

Lehen postua ziurtatu ondoren, gaztetxoek ere azken jardunaldia jokatzeari ekingo diote asteburu honetan. Ez da batere erraza izan eta egia esatearren, multzoak erakutsi duen maila benetan altua izan dela ziurtatu dezakegu. Aurkaria Orioko F.T. izanen dugu eta partida zinez interesgarria izango da, lehiatua eta ikusteko eta bizitzeko benetan erakargarria. Ongi amaitu lanak eta ondoren kanporaketak prestatzeari ekingo diogu.

Partida larunbatean 12:20 tan Berio futbol zelaian.