
Antiguoko KE 3 – 0 Arenas Club (Gazteen Ohorezko Maila Nazionala, 12. Jardunaldia)
Garaipen berri bat Iñigo Mendiaren taldearentzat. Bikaina benetan geure lehen taldea egiten ari den denboraldia eta oraingoan ere partida borobila egin zuten larunbatean. 27 puntu ez da ahuntzaren gauerdiko eztula eta egia esatearren, zorioneko gaude klubean. Taldea bigarren postuan kokatu da eta errege kopa jokatzeko aukerak bertan daude.
Larunbata arratsean jokatutako partidan talde urdinak 3-0 markagailuarekin hartu zuen mendean Getxoko Arenas taldea, lehen zatian ongi bideratutako partida batean. 22.minuturako Jakes Gorosabel aurrelariak dagoeneko sartuak zituen bi gol eta atsedenera bi goleko aldearekin joan ginen. Bigarren zatian ere taldea oso sendo egon zen eta hirugarren eta azken gola sartu zuen Nabilek 76. Minutuan. Horrela amaitu zen partida eta taldeak seigarren astez jarraian ez du porrotik ezagutzen.
Jarrai ezazue horrela, maila ederrean eta jarraitzaileoi disfrutarazten.
SD Beasain 2 – 0 Antiguoko KE B (Gazteen Liga Nazionala, 12. Jardunaldia)
Loinatz futbol zelaian jokatutako partidan ezin izan genuen punturik urratu. Talde bagoneroak lidertza partekatua du jada SD Leioarekin eta egiari zor, haien potentziala handia zela erakutsi ziguten aurreko jardunaldiko partidan. Ez zen partida erraza izan eta hamargarren minuturako atzetik ginen markagailuan. Taldea saiatu, saiatu zen baina ez genuen berdintzeko gola lortzerik izan. Etxeko taldeak aldea handitu zuen 67. minutuan eta partida bertan amaitu zela esan dezakegu.
Taldea 19 punturekin kokatzen da sailkapeneko bederatzigarren postuan eta hurrengo jardunaldian Durangoko Culturala jasoko du Berion. Lan saioei dagokionez aste ona egin eta larunbatera begira daude dagoeneko geure mutilak.
Antiguoko KE C 1 – 1 SD Indautxu (Gazteen Euskal Liga, 12. Jardunaldia)
Puntu banaketa Berion larunbatean jokatu zen neurketan eta horrela gutxinean puntu bat gehitu genuen poltsikora, oso gogorra den maila batean. Bilbotarrak ez dira aurkari errazak izaten eta horrela erakutsi zuten oraingoan ere, izan ere 13. minutuan hartu zuten aurre markagailuan eta horrela iritsi ginen atsedenera. Taldea indarberritu zen aldagelatik aterata eta bigarren zatian nahiz eta kosta, gola egin zuen 81. minutuan.
Bada, taldeak jarraian punturik batu ez duen dinamikari amaiera ematen dio eta horri garrantzia eman behar zaio. Ziur aurrean duguna hobea izango dela, taldeak gehiago merezi baitu. Eutsi mutilak.
Zarautz KE 0 – 1 Antiguoko KE (Kadeteen Euskal Liga, 10. Jardunaldia)
Asti Txikira egin genuen bisita larunbata goizean bigarren itzuliari ekiteko. Eta ekin ere, ederki ekin diogu honi ere, garaipen landu bat eskuratuz eta hiru puntuak batuz. Horrela bada, sailkapeneko bigarren postuan egonkortzen gara eta hori lorpen garrantzitsua da. Taldeak sendotasuna erakutsi du azkeneko bi jardunaldietan, golik ez jasoz eta horrek ia beti saria ekartzen duela jakinik, bikain baliatu dira horretaz geure mutilak. Partida honetan ere markagailua goiz mugitu genuen, izan ere, bosgarren minuturako aurreratuak ginen eta beraz, taldeak ondo eutsi zion abantailari.
Hurrengo geltokia Kostkas KE izango da, etxean, partida erakargarria benetan.
Beti Ona CD 3 – 2 Antiguoko KE B (Kadeteen Ohorezko Maila, 11. Jardunaldia)
Partidaren azken jokaldian ihes egin zigun ondo merezita genuen puntuak Berauneko futbol zelaian. Ez genuen partida batere txarra egin eta taldeak gehiago merezi izan zuela esan dezakegu, baina oreretarrak aurkari konplexua dira sailkapenak ageriko uzten duen moduan. Bi aste hauetako emaitzek ez dute zikinduko taldea egiten ari den denboraldia eta lanena jarraitu behar dugu berriro ere garaipenaren zapore gozoa dastatzeko. Beraz, jarraitu eguneroko lanarekin eta aurrera.
Antiguoko KE 2 – 1 Añorga KKE (Ohorezko Infantila, 10. Jardunaldia)
Partida polita larunbatean Berion ikusi ahal izan genuena. Aurretikoan esaten genuen partida bereziak izaten direla hauek eta berau ere hala izan zen. Lehen zatian aukera anitz izan genituen zelai jokoaren kanpoaldetik arriskua zuten aukerak sortuz. Ordea, atsedenera 1-0 markagailuarekin iritsi ginen eta horrek aukerak eman zizkion talde zementeroari. Horrela talde zementeroak partida berdintzea lortu eta handik hamar minutura berriro ere aurrea hartzea lortu genuen. Bada partidaren amaiera horrela iritsi ginen eta beste hiru puntu gehituaz, dagoeneko 27 eskuratuz eta lidertza sendotuz. Aurrera mutilak.
Internacional 0 – +5 Antiguoko KE B (Infantil Txikia sailkapenerako fasea, 3. jardunaldia)
Partida erosoa izan zuten Enekorenek Matigoxotegin jokatutakoa. Hiru garaipen beste hainbeste partideten eta beraz esan dezakegu ederki hasi garela sailkapenerako fase hau. Egunerokoan taldea ere bikain ari da lan saioetan eta ikaskuntza prozesuak beraz aurrera darrai.

