A Jubenila 5-2 Danok Bat Club de Fika (Gazteen Ohorezko Maila Nazionala, 14. jardunaldia)

Iñigo Mendiaren taldeak erreakzio bikaina izan zuen joan den asteburuan Lezaman jokatutako neurketaren ondorengoa jokatzerako garaian. 2022/2023 Errege Kopa jokatzeko balio izan zuten urrezko hiru puntu izan ziren. Osa, Nabil, Jakes, Crespo eta Seararen golek garaipena ziurtatu zuten etxean, puntu premian zegoen aurkari baten kontra. Jardunaldi baten faltan, oraindik erabakitzeke dago zein izango den aurkako taldea kopako kanporaketa zirraragarri horretan. Datorren partida Logroñon izango da, 82ko Munduko Txapelketa izena duen futbol zelai mitikoan, aurkari zail baten aurka.


Real Sociedad SAD B 2-0 B Jubenila (Gazteen Liga Nazionala, 14. jardunaldia)

Pabloren mutilek porrota jaso dute Zubietan, taularen goikaldean kokatuta dagoen eta etxean benetan sendo ageri ohi den aurkari baten kontra. Saiatu ziren, tematu ziren, lan egin zuten, baina ezin izan zuten punturik eskuratu. Beste erronka handi bat asteburu honetakoa da, Deportivo Alavesen aurka, José Luis Compañónen, larunbatean 16: 30tan jokatuko den neurketan.


C Jubenila 5-3 Urdaneta CD (Gazte Mailako Euskal Liga, 14. jardunaldia)

Gazte Mailako Euskal Ligako taldearen bigarren garaipena jarraian, partida ikaragarri batean. Penalti puntutik aurreratu ziren lokalak. Bizkaitarrek markagailua iraultzeko aukera izan zuten (1-2), baina talde urdinak ez zuen amore emango eta gol batek partida berdindu zuen atsedenaldira iritsi aurretik. Nahiz eta  bisitariek zertxobait hobeak izan bigarren zatiko lehen miututan, aldaketek bizitasun handia eman zioten geure taldeari eta azkenean partida gol festa ikaragarria bilakatu zen, azken markagailua 5-3 izanik.


Indautxu SD 3-1 Kadete A (Euskal Kadetea, 12. jardunaldia)

12. jardunaldia zen Iker Larrañagaren taldearentzat. Irteera zaila izan da beti erraza ez den Iparralde futbol zelaira egin beharrekoa eta hau ere horrela izan zen. Bertan, etxekoek bigarren zatian bideratu zuten partida, nahiz eta partida hasi eta bost minutu besterik igaro ez zirenean markagailuan aurrea hartzea lortu genuen. Hala ere, bigarren zatia hasi eta berehala bilbotarrek berdinketa lortzeko aukera izan zuten eta ondoren hamaika metroetatik 2-1ekoa haien alde jartzea lortu zuten. Etxekoen azken gol batek 3-1eko emaitza itxi eta eskuhutsik bueltatu ginen etxera.


Kadete B 1-2 Real Unión SAD (Ohorezko Kadetea, 12. jardunaldia)

Lehen urteko Kadeteen Ligako hirugarren porrota, jarraian. Partida honetan, talde bisitariaren intentsitatea nagusitu zen, eta arriskuko jokaldiak haien aldekoak izan ziren. Hala ere, atsedenaldira iritsi eta markagailua 0-0ekoa zen. Bigarren zatian, nahiz eta talde urdinak aurkariaren ate ingurura gehiago hurbildu, bisitariak bi aldiz lortu zuten gola egitea. Azken txistua jotzeko minutu bakarra falta zenean, Berioko taldearen gol batek markagailua itxi zuen. Hurrengo erronka SD Lengokoak izango da, sailkapenaren goialdean jarraitzeko eta lehen postuengatik borrokatzeko funtsezko partida izaki.


A Infantila (atsedena)


B Infantila 5-0 Martutene KE (Infantil Txikia, 4. jardunaldia, sailkapen fasea)

Garaipena eta hiru puntu lehen urteko infantil mailako gaztetxoentzat denboraldiko partidarik bikainena izan ez zen egunean, aurkari antolatua eta ideiak argi zituen baten kontra jokatu zena. Asteburu honetan, larunbatez, Oñatira bidaia egingo du Aloña Mendi KE taldearen aurka jokatzeko. Txantxikuek 3 puntu dituzte eta garaipen bat dutela hartuko gaituzte.