Emakumezkoen lehen taldeak ez zuen partidan ondo sartzea lortu eta, 3. minutuan, zorigaiztoko jokaldi batek maldan gora hasiera markatu zuen: Nahiaren aldaratze batek errebotea egin zuen zumaiarren aurrelarian eta 1-0ekoan amaitu zen.


Basaurin gertatu zen bezala, jasotako golak taldea esnatzeko balio izan zuen, eta une horretatik aurrera bere minuturik onenak sinatu zituen. Gureek hiru aukera garbi sortu zituzten berdinketa lortzeko, baina ez zuten asmatu. Partida 1 – 0 emaitzarekin iritsi zen atsedenaldira, baina gauzak ondo eginez, punturen bat batzea posible zelako sentsazioarekin.


Bigarren zatia ere ez zen modu onenean hasi. Zumaiakok, zutoinera egindako jaurtiketa batekin abisatuta, bere abantaila handitu zuen alboko falta jaurtiketa batekin, behin betiko 2-0ekoa suposatuz.Hortik aurrera Moralesen taldea saiatu zen, aurkariaren areara hurbilketa berriak sortu zituen, baina ez zuen partiduaren norabidea aldatzeko aukerarik izan.


Ez zen neurketa ona izan gureentzat, eta ezin izan zuten ohiko jokoa egin, ezta une erabakigarrietan fin jokatu ere. Hala ere, taldeak aurrera begiratzen du eta asteburuan Sestao Riverren aurka jokatuko duen dueluan pentsatzen du. Pena, baina goian jarraitzen dugu, eta batez ere, bizirik.