





Aurten ere eta badira dagoeneko urtetxo batzuk egia esatearren, geure klubeko hainbat talde Salouen ospatzen den Costa Daurada Cup txapelketa jokatzera joan ziren aste santu aurreko opor egunetan. Beste behin ere bikaina izan da bertako egonaldia eta neska mutilek elkarrekin igarotako ordu eta egunak askotarako balioko dutela ziurra da. Bizikidetza, laguntasuna eta adiskidetasuna, pasioa eta futbola uztartu ditu aurten ere oinarrizko futbolean erreferentzia den nazioarteko txapelketa honek eta alebinetatik hasita eta emakumeen ataleko gorengoen mailararte, geure taldeak maila handian lehiatu dute aurtengo edizioan ere. Beraz eta laburki bada ere, taldeen parte hartzearen inguruko errepasoa eginen dugu albiste honetan.
Emakumeen atalari dagokionez lau talde izan ziren kataluniako lurretara bidaiatu zutenak;
G12 mailan parte hartu zuen taldeak bigarren postua lortu zuen, multzoko fase eta kanporaketa bikainak jokatu ostean finalean 0-1ko emaitzarekin galdu zuelarik Fundació Terrassa FC Bartzelonako taldearen aurka. Txapelketa ona jokatu genuen oso.
G14 kategorian multzokako fase on baten ondoren eta sailkapenean bigarren postuan amaitu genuelarik, final laurdenetaraino iristerik izan zuen taldeak nahiz eta kanporaketa gehiago jokatzeko aukerarik ez izan, lehia galdu ostean.
G16 taldeak merituzko bigarren postua lortu zuen D multzoan eta ondoren Girona FC taldea final laurdenetan 2-1ko emaitzarekin gailendu zitzaigun.
GOpenari dagokionez lehen fasea hirugarren postuan amaitu genuen eta kontsolazio faseko finalerdietan kanporatu zuten taldea.
Gizonezkoei dagokionez ere parte hartzea ugaria izan zen eta emandako maila altua izan zen;
B11 A eta B taldeek euren artean finalerdiak jokatu zituzten, lehenengoak gailendu eta finalerako txartela lortu zutelarik. Final handian Baskauri FE bizkaitarrek irabazi zuten 3-0ko emaitzarekin eta beraz zilarrezko postuan amaitu genuen. Lan ona bi taldeek eginikoa, beraz.
B12an txapelduna izan zen geure taldea, bertan 5-0 gailendu ostean Unique FA talde ingelesaren aurka jokatu zen partidan. Atzean utzi zituen esate baterako Q.P.R. bezalako maila handiko taldeak. Bejondaizuela mutilak.
B13koak ere ez ziren ez atzean geratu eta hauek ere lehen postuan amaitu zuten txapelketa. Finalean Q.P.R. izan zuten aurkari eta alajaina, garaipena eskuratu zuten partida borobila jokatu ostean. Lorpen handia benetan, bikaina.
Beraz, harro esan dezakegu berriro ere txapela kentzeko moduko txapelketa egin dugula eta esparru guztietan jarrera bikaina izan dela lehen partaidetik azkeneraino. Jarrai dezagun kluba eraikitzen, etorkizuna denona baita.

