Bi hilabeteko oporraldiaren ondoren, Endika Morales gogotsu agertu da aurrean duen erronkari aurre egiteko. Donostiar teknikari gaztea aurreko kanpainan egindako lan bikainari jarraipena ematen saiatuko da.


Endika, bi hilabeteko atsedenaldiaren ondoren, nola sentitzen zara denboraldi berriari begira?

Energia handiz itzultzen naiz atsedenaldi honen ondoren, pilak guztiz kargatuta. Oso ilusionatuta nago, eta berriz ere prozesuaz gozatzeko gogo handiarekin. Hazten jarraitzeko kapitulu berri bat da, bai maila indibidualean, bai kolektiboan, eta horrek asko motibatzen nau.


Joan den denboraldia arrakastatsua izan zen arlo askotan. Zer sentimendu dituzu etapa hau berriro hastean?

Sentitzen dudan lehenengo gauza zoriontasuna da, iaz elkarren arteko hazkunde oso esanguratsua lortu baikenuen, eguneroko lanean zentratzeari esker. Era berean, nolabaiteko erantzukizuna sentitzen dut; izan ere, jokalari guztiek proiektu honen aldeko apustua egiten jarraitzen dute eta uste dute hau dela euren garapen integralerako testuinguru egokiena. Entrenatzaile gisa, funtsezkoa da erronka honen mailan egotea. Oso garrantzitsua da elkarrekin jarraitzea lanari eta jokoari buruz dugun ideiari jarraipena emateko, eta horrek egonkortasuna ematen die jokalariei, bai aldagelan, bai gure lan egiteko moduan. Lortu dugun elkar ezagutzari esker, jokalariek ondo baino hobeto uler dezakete zer espero dugun beraiengandik.


Zure ustez, zein izan behar da denboraldi honen hasierako helburu nagusia?

Hasieran ezarri behar dugun helburu bakarra prozesuaz gozatzea da, iaz bezala edo gehiago. Nire ustez, hor datza datozen erronken aurrean ahalik eta ondoen prestatuta egoteko gakoa. Bai jokalariok, bai staff-ak, oraindik ere hobetzeko tarte handia dugu. Joan den denboraldian eraiki genuen oinarriari jarraipena eman nahi diogu, baina baita egokitu eta moldatu ere. Kirolean, hobera egiten ez baduzu, okerrera egiten duzu. Hor dago sekretua: egunez egun lan egitea erronkei modu kolektiboan aurre egiteko.


Nolakoa izango da lehiaketa ofiziala hasteko prestakuntza?

Bost asteko prestakuntza izango dugu, lehen partida ofizialaren asteaz gain. Zazpi saioekin hasiko dugu lehen lagunartekoa baino lehen, Huescan, Roblesen stage batean. Garrantzi handia ematen diogu stage horri, funtsezkoa baita gure barne-harremanak eta talde-kohesioa hobetzen jarraitzeko. Hurrengo bi asteetan partida bikoitzak izango ditugu, besteak beste, Derio eta Indartsu taldeen aurka. Azkenik, ofizialki hasi aurreko azken astean lagunartekoa jokatuko dugu Mastegin Beti Gazteren aurka. Helburua da jokalariak pixkanaka testuingurura egokitzea, elkarren artean harremanetan jartzea eta gure jokoaren ideiari forma ematea, behaketaren eta analisiaren bidez hobetuz.