
Bueltan dira lau taldeak aurreko asteburuko atsedenaren ondoren. Indarrak hartuta, jokalariek gogor egin dute lan datozen neurketetan ahalik eta hobekien lehiatu ahal izateko. Jarraian asteburuan dakarrena.
OHOREZKO KADETEA
Txapeldunen faseko 8.jardunaldian Erreala jasoko du La Sallen Gurruren taldeak. Aurreko asteburuan Añorgaren aurka porrot gogorra jaso ondoren, taldeak aste bikaina bete du larunbat arratsaldean liderraren aurka aurpegia emateko. Izan ere, Errealak partida guztiak irabazi ditu orain arte, 26 gol alde eta 2 aurkan jaso dituelarik. Zenbakiak zenbaki, badakite gureek etxean partida onak egiten ari direla eta hala lehiatuta larunbatean derby-an garaile atera daitezkeela. Zorte on, neskak!
Partida larunbatean 19:30etan La Salle futbol zelaian.
LEHEN KADETEA
Ordizian jokatuko du Cotiren taldeak Altamirako anexoan Goierri Gorri taldearen aurka. Fasean egindako hasiera bikainari jarraipena emateko asmoz zelairatuko dira neskak, jakitun ez dela lan makala izango, goierritarrek aurreko fasean erakutsi baitzuten talde sendoa dela. Fase honetan jokatutako partiduetan Intxaurdiren aurka berdindu eta Mondragonen aurka gol bateko aldeagatik galdu zuen. Garaipenak goiko postuetan jarraitzeko txartela emango liguke, hortaz goazen horren bila.
Partida larunbatean 13:00etan Altamira (anexoan) futbol zelaian.
INFANTILA F-11
Anaitasunaren aurka neurtuko ditu indarrak Maialen eta Oihaneren taldeak larunbatean La Sallen. Gure neskak bikain lehiatzen ari dira fase hau, eta horren erakusle da partidarik galdu ez izana. Gakoa, ordea, bide beretik jarraitzean datza, eta partida asko gelditzen dira oraindik. Larunbat honetan azpeitiarrak izango dituzte aurrean, azken 3 partidetan 4 puntu metatu dituen taldea. Konfidantza eta ilusiotik abiatuz, partida eder bat eskaini nahi dio taldeak zalegoari. Aurrera, neskak.
Partida larunbatean 12:30etan La Salleko futbol zelaian.
INFANTILA F-8
Igandeko lehen orduan Landetxa taldea jasoko du Jonen taldeak. Allerruren aurkako garaipenaren ondoren, tinko daude sailkapenaren goiko postuetan gure neskak. Arerioari dagokionez, irundarrak meritu handiko fasea garatzen ari dira, 6.postuan sailkatuta egonik egun. Espero dugu taldeak lehenengo itzuliari amaiera emango dion partida honetan anbizio osoz bere maila onena ematea.
Partida igandean 9:00etan La Salleko futbol zelaian.

