Emakumezkoen Ohorezko Mailako Ainhoa (2006) jokalariak laugarren denboraldia darama Antiguokon eta une gozoa bizi du, Endika Moralesen taldea egiten ari den lan bikainaren emaitza zalantzarik gabe. Emakumezkoen egiturako lehen taldeak 24 puntu daramatza eta sailkapen orokorraren lidergoan dago memento honetan.


Aupa Ainhoa, zer moduz zaude?

Oso ondo nago, gogotsu eta ilusioz egiten ari garenagatik, eta pozik nago gauzak ondo ateratzen ari zaizkidalako pertsonalki eta lanean jarraitzeko gogoz, dena berdin edo hobeto atera dadin.


Eta nola dago  taldea?

Taldea elkartuta zein konprometituta dago eta hori funtsezkoa da izaten ari garen bolada onerako. Oso ondo ulertzen dugu elkar, giro osasuntsua dago eta hazten jarraitu nahi dugu. Asko animatzen eta babesten gara gure artean, eta uste dut hori funtsezkoa dela. Gainera, teknikarien lana oso garrantzitsua izaten ari da guretzat ere, konfiantza eta motibazioa ematen digute partida bakoitzari aurre egiteko, eta benetan gustura gaude haiekin.


Zein esango zenuke dela gakoa zaudeten postuan egoteko?

Funtsezkoa da astero egiten dugun lan guztia, datorren partidan pentsatzen eta hura burubelarri prestatzen, gogor entrenatzen, oso bizi, eta entrenamendu bakoitzean islatzen diren gogoak izugarriak dira. Era berean, oso sasoi fisiko onean gaudela uste dut, eta hori nabari da, erritmoa jaitsi gabe azkenera arte irauten dugulako, eta hori benetan garrantzitsua da.


Harritzekoa da da jokatu dituzuen partidetan izan den lehiakortasuna. Nola bizitzen ari zarete partidak, hain zirraragarriak izanda?

Ba bai, egia esan oso zirraragarriak izaten ari dira. Partidu asko azken unean erabakitzen dira eta horregatik gugan borrokatu eta konfiantza izan behar dugu eta batez ere besoak inoiz ez jaitsi. Oso garrantzitsua da amore ez ematea eta, gauzak nahi bezala ateratzen ez badira, ez hondoratzea, denak batera joatea eta azken segundura arte dugun guztia zelaian uztea.


Lau denboraldi daramatzazu gurekin. Nola laburbilduko zenuke zure ibilbidea Antiguokon?

Lehenengo urtean kadete bezala hasi nintzen eta urte arraro samarra izan zen covid-aren kontuagatik, baina hor ezagutu genuen elkar gaur egun taldean gauden askok. Hurrengo urtean, kadete mailan jokatu nuen berriro eta oso urte polita izan zen egia esan, ligako partida guztiak irabazi genituen eta tamalez Gipuzkoako finala galdu genuen, baina ikasteko balio izan zuen. Gainera, urte horretan bertan Preferente mailan ere jokatu nuen, goiko taldeari laguntzen eta Ohorezko Mailara igotzea lortu genuen, esperientzia ahaztezina zalantzarik gabe.

Datorren denboraldian (hirugarrena) Ohorezko Mailan jokatu nuen eta ez genuen oso hasiera ona izan, maila berria zen eta nahikotxo kosta zitzaigun, baina azkenean bigarren itzulian gora egitea lortu genuen eta seigarren bukatu genuen. Aurten, lehen esan dudan bezala, hasiera polita izaten ari da, eta gogotsu nago horrela jarraitzeko, oso ondo hasi baita dena. Horrela jarraitzea nahi dugu denboraldi amaierara arte.


Zer itxaropen dituzu epe laburrera arlo pertsonalean eta kolektiboan?

Helburu nagusia talde-helburu da beti, eta, egia esan, poz handia litzateke Euskal Ligara igotzea, datorren urtean goragoko maila batean jokatu eta ikasten jarraitzea gustatuko litzaigukeelako. Arlo pertsonalean, ez dut minik hartu nahi, iragan denboraldiko gol eta asistentzia kopurua hobetu nahi dut eta taldeari ahal dudan guztian lagundu nahi diot.