Egun paregabeak pasa zituen familia urdinak Salouen martxoaren 24 eta 28 bitartean. Izan ere, txapelketa bat jokatzeko bidaiatzea ez da sarritan bizi daitekeen esperientzia bat, eta une horiek ahaztezinak izaten dira jokalari, entrenatzaile zein familientzat. Ez da gutxiagorako izan kasu honetan erez.


Giro atseginean eman dituzte egunak klubeko partaideek Cambrils Park Resorten. Hasierako eguraldi txarra ez zen oztopo izan instalazioez gozatu ahal izateko eta futbolaz gozatzen jarraitzeko.


Gizonezkoen egituran, lehen eta bigarren urteko alebinak izan genituen, biek lanak oso txukun egin zituztelarik. 2013ko haurrek txapelketa irabazi zuten, nagusitasun eta merezitasun handiz. 2012koek, aldiz, finalerdietan agur esan behar izan zioten aukera horri.


Emakumezkoen egituran poz handiak bizi ziren ere. Izan ere, F-7ko G14 kategoriakoek txapelketa irabazi zuten, Sanseren aurkako final lehiatu zein polit batean. Era berean, kontsolazio faseko garaile izan ziren Cotiren kadetea eta Martin eta Jararen alebina.  Bestalde, Endikaren taldeak (G20) semifinaletan partida latz bat egin ostean agur esan behar izan zion txapelketari, Maialen eta Oihaneren taldea final laurdenetaraino ailegatu zen eta Gurruren taldeak ezin izan zuen kontsolazio faseko semifinaletan Oiartzun gainditu.


Irudi eta momentu asko utzi dizkigu txapelketa honek,  horietako gehienak jokalarien bihotzean txertatuta geldituko direlarik. Zinez egun aproposak familia urdina sendotzen eta bidea elkarrekin eraikitzen jarraitzeko.