
7 finaleko multzoa hasiko du larunbat honetan Fanderian 16:45etan Endika Moralesen taldeak. Lanak ezin hobeto egin izanaren sentsazioarekin neskek aste oso batez atseden hartu dute eta pilak kargatzeaz gain gogo biziz itzuli dira lanera, aste honetan konprobatu ahal izan den eran.
Ezin dugu ahaztu gureak egon daitekeen postu hoberenean daudela, lidergoan baititugu 60 punturekin. Hala ere, puntu batera aurkitzen da soilik bigarren sailkatua, eta horrek uneoro arreta handienarekin aritzera behartzen gaitu.
Etxetik kanpo eskuratutako emaitza onei jarraipena emateko asmoz zelaraituko dira urdinak, partida bat izan ezik gainontzekoak irabazteko gai izan baitira Beriotik at, eta ez da datu makala kategorian dagoen berdintasuna ikusita.
Aurrean izango duten arerioari dagokionez, Touring errenteriarra talde oso landua da, eta etxean urtarriletik ez du galdu, 2 garaipen eta 2 berdinketekin. Gainera, joaneko partidan Berion azken unean ihes egin zien berdinketak gehiago merezi izan zuten partida batean. Ondorioz, maila eta zailtasun handiko testuinguru batean aurkituko dira gureak.
Gustuko bidean aldaparik ez dagoenez, taldea gogotsu dago erronkari ekiteko eta txapelketan ibilbide zoragarri honi jarraipena emateko. Denboraldi ahaztezina izaten ari da, zuekin gozatzen ari baikara familia urdina. Amaiera gertu dago, baina ametsak bete ahal izateko, hortzak gogor estutzen jarraitu beharra dago, denok elkarrekin, denok norabide berean, denok sinistuz. 7 final geratzen zaizkigun honetan, badator azken txanparen hasiera.

