
Azaroko hirugarren asteburua da, eta emakumezkoen egiturako gure taldeek gogotsu eta ilusioz begiratzen diote jardunaldiari, partida onak osatu eta ikaskuntzan nahiz txapelketa ezberdinetan hazten jarraitzeko. Lehen taldeak Touring K.E. talde gaileteroa hartuko du eta Ohorezko Kadete mailako taldeak derbi batekin itxiko du lehen fasea. Nabarmentzekoa da, halaber, 8. Futboleko infantil taldeak duen atsedena. Hasi gara, bada.
ERREGIONALEN OHOREZKO MAILA
Bolada bikainari eustea izanen da lehen taldearen helburua igandean Berion jokatuko den partidan. Bisitan datorkigu Touring K.E. Orereta – Errenteriako talde gorria eta puntuak garesti egongo direla ziurtzat jo dezakegu. Azken hiru partidetan garaipena lortu dugu eta lidergotza banatua dugu 21 punturekin. Gainera, jokoa benetan ona izaten ari da eta taldea astez aste hazten doala nabarmen ikusten dugu partidetan. Honela, bada, partida garrantzitsua izanen da igandekoa eta Endika Morales-en jokalariak berau prestatze horretan dihardute etengabe. Beraiek, inork baino hobeto dakite puntuen garrantzia handia dela. Ziur beste igande arratsalde gogoangarri bat bizitzeko aukera dugula Berion. Ekin diezaiogun lanari.
Partida igandean arratseko 17:25 tan Berioko instalazioetan.
KADETEEN OHOREZKO MAILA
Sailkapena poltsikoan duela jokatuko du Kadeteen Ohorezko Mailako taldeak asteburu honetan duen partida. Lasaitasunetik eta egindako lan onaren ondorioz, taldeak etxekolanak eginda iritsi da azken jardunaldi honetara eta hori benetan zoriontzekoa da. Bada, lehen fase hau amaitzeko derbi benetan interesgarria jokatuko dute Cesar Benito futbol zelaiean etxeko bezala aritzen den Intxaurdi K.E.-ren aurkako norgehiagokan. Aintzat hartu behar dugu etxeko taldea bigarren dela sailkapenean eta beraz hiru puntuak eskuratuz gero gutxienean bigarren postua lortuko genukeela. Ez litzateke lorpen makala, neskak.
Partida igandean eguerdiko 12:10 tan Cesar Benito futbol zelaian.
LEHEN KADETE MAILA
Lehen fase honetako bigarren itzuliko bigarren jardunaldia jokatuko dute Coti-ren jokalariek asteburu honetan Lasarte – Orian jokatuko den neurketan. Lan bikaina egiten ari da taldea denboraldiaren garapenean eta ideia berdinetik jarraitzea izanen da helburua lehen fase honetan. Oraingo honetan bada Ostadar S.K.T talde urdinbeltz-ari egingo diote bisita hiru puntu lortzeko asmo irmoarekin. Jarrai dezagun beraz ikaskuntzarekin eta partida on bat egin dezagun larunbateko lehen orduan. Eutsi horri neskak.
Partida larunbata goizean 09:45 tan Michelin futbol zelaian (Lasarte-Oria).
INFANTILA F – 11
Txapelketa faseko estreinua benetan bikaina izan zen eta dagoeneko hementxe dugu bigarren jardunaldia Infantil F-11 taldearentzat. Etxean jokatuko dugun lehena izanen da eta aurkaria Touring K.E. talde gorria da oraingoan Maialen eta Oihane-ren taldearentzat. Taldea bera eta kluba ilusioz gainezka dago benetan izaten ari garen garapena positiboa dela eta, lanean jo eta su dabiltzan entrenatzaile eta jokalarien eguneroko jardunagatik. Guzti honi eta gehiagori jarraipena ematea da erronka nagusia eta horretara goaz.
Partida larunbata eguerdian 12:30 tan La Salle futbol zelaian.

