
Egia bada ere oraindik hilabete batzuk falta direla gure danborrada maitagarri eta zoragarriaren prestaketan buru-belarri murgiltzeko, Donostiako Festak-etik iritsi zaigu bandera igoeran eta jaitsiera nagusian parte hartzeko gonbidapena, Donostiako alde zaharraren bihotzean, Konstituzio plazan egin ohi den ekitaldi ospetsu eta jendetsua izan ohi dena.
Festak-etik argitu dutenez, ekitaldi bakoitzera pertsona bakarra joan daiteke, beraz, Antiguoko K.E. danborradako batzordeak zozketa bat egitea erabaki du, interesdun bat baino gehiago egonez gero.
Bandera igoerara edo jaitsierara joateak esan nahi du aldez aurreko entseguetara joan behar dela, nahitaezkoak baitira eta antolakuntzatik konpromezu handia eskatzen baitiete izena ematen duten pertsonei. Interesdunek urriaren 22ra arteko epea dute bidali zaien posta elektronikoari erantzuteko, izen-abizenak eta Donostiako Festak-i emango zaion telefono mugikorra adieraziz.
Egun handia prestatzeko lehen beroketa-ariketa txiki bat da hau. Lerro hauetatik batzordeko kideek egiten duten lan bikaina azpimarratu eta eskertu nahi dugu, izan ere, mimoz prestatzen dute egun berezi hau. Eskerrik asko zuen lan goraipagarriagatik.
