
Asteburua borobila izan dela argi eta garbi dago eta aurreko egunean lehen urteko infantilek bezala, bigarren urtekoak ere Gipuzkoako Txapeldun bilakatu ziren Arrasaten, kasu honetan SD Eibar talde armaginaren aurka jokatutako final handian. Uritz Ansoaldek zuzendatuko taldeak denboraldi ederra egin du benetan, maila oso altua eman dute jokalariek eta eguneroko ikaskuntzan ezarrita dagoen hobekuntza prozesua egonkorra bezain emankorra izan da.
Arrasateko Mojategi futbol zelaira mugitu izan behar genuen klubeko kide, familia eta zaletuak partida erakargarri hau ikusteko eta egia esatearren, desplazamenduak merezi izan zuen. Geure talde urdina oso nagusi izan zen oro har eta merezita eskuratu zuen Ohorezko Infantileko Txapelketa. Armaginak bere zelaietik ateraezinik ibili ziren lehen zatian eta horren erakusgarri izan zen huts egin genuen penaltia. Taldeak maila altuko futbola egin zuen lehen 35. minutuetan baina ezin izan zuen markagailuan aurre hartu eta aldageletara 0 – 0 ko emaitzarekin joan ginen.
Bigarren zatian lehia apur bat parekatu zen eta Eibarrek aurrepauso bat eman zuen bertan, nahiz eta geureak ere ez ziren kikildu eta horrela bada, markagailuan aurre hartzea lortu eta beraz 0 – 1 ko emaitza ezarri genuen. Hortik aurrera talde armagina saiatu, saiatu zen baina geure taldeak ongi defendatu zuen oso errenta, erosotasunetik eta talde lana ardatz hartuta. Eta beraz, epaileak azken txistua jo zuenen, poza eta festa nagusitu zen Mojategin.
2009. urtean jaiotako mutilak ere txapeldun dira beraz eta klubetik egiten dugun balorazioa eta errekonozimendua oso positiboa eta handia da. Horrelako lorpenak itzelak dira eta ez gara emaitzetaz ari soilik, trazatutako bide eraginkorretaz baizik. Jarrai dezagun norabide garbiarekin lanean.
Zorionak denei eta mila esker eskaini diguzuen egunerokotasunagatik.

