
Aurreko asteburuko aurretikoa motza baldin bazen, oraingoan talde guztiak lehiatzeko prest dira eta horren erakusle dugu asteburu honetako karteldegia, larunbat eta igandean izango baitugu gure taldeen partidetaz gozatzeko parada. Azpimarratzekoak ditugu, gainera, Euskal Ligako Kadeteak Errealaren aurka jokatuko duen derbia eta Euskal Ligako Jubenilak Danok Bat liderra jasoko duen norgehiagoka.
JUBENILEN NAZIONAL LIGA
Irteera zaila Unai Gazpiok zuzentzen duen taldearentzat, Mallonako (Bilbo) futbol zelai ezaguna bisitatuko baitu larunbat goizean. Ondo hasi ez arren, talde bilbotarrak indarrak berreskuratu zituen Leioa eta Athletic Cluben aurka lortutako bi garaipenekin. Hortik aurrera, batu dituen puntuek taularen erdian egoteko balio izan diote. Gureek, berriz, urteko azken irteeran garaipena lortzeko asmo sendoarekin ekingo diote partidari. Horretarako, badakite hainbat xehetasun leundu behar dituztela, talde sendoagoa, fidagarriagoa eta helduagoa izateko. Beraz, aste honetako entrenamenduek funtsezko kontzeptuak lantzeko balio izan dute, 20 puntura iristea ekarriko lukeen garaipena lortzeko. Zorte on, mutilak.
Partida larunbatean 12:30etan Mallonako futbol zelaian (Bilbo).
JUBENILEN EUSKAL LIGA
Iñigo Clavelen taldeak Danok Bat liderra jasoko du Berion. Igandean jokatuko den partidarekin agur esango dio 2023ari, urte honetan jokatuko duen azken partida izanik. Ez da beharrezkoa aurkariaren ligako ibilbidea xehetasun handiz deskribatzea, 11 garaipen, 2 berdinketa eta porrot bakarreko balantze ikusgarria baitu. Zenbakiek beren kabuz hitz egiten duten arren, gureak gogoz daude erronka zail honi honi anbizioz, apaltasunez eta konbentzimenduz aurre egiteko, urtea handikiro agurtzeko. Zaleei dei egiten diegu gure taldea erronka handi honetan hauspotzeko eta animatzeko.
Partida igandean 16:45etan Berioko instalazioetan.
KADETEEN EUSKAL LIGA
Beti dira berezi derbiak, eta ez da gutxiagorako larunbat honetan Berion biziko duguna, Erreala hartuko baitu mendean talde urdinak. Gure taldeak Berion lortu dituen datu onak ez dira ahuntzaren gauerdiko eztula eta Larunbat honetan bide horretatik jarraitzen ahaleginduko dira mutilak. Aurrean, ordea, sailkapenaren lehen postuan dagoen arerioa izango dugu, orain arte 12 garaipen eta berdinketa bakarra metatu dituelarik. Partidako fase bakoitza arreta handiz bizi beharko da, eta taldeak izango dituen uneak aprobetxatuz, partida borobila egin beharko da Erreala gainditu ahal izateko. Hala ere, zalantzarik ez dago asteko lanak lehiakortasunaren bidera hurbilduko gaituela eta horren ondorioz taldeak zelaian dena emateaz gain derbyan puntuak eramateko gai izango dela. Animo mutilak.
Partida larunbatean 12:20ean Berioko instalazioetan.
OHOREZKO KADETEEN MAILA
Ohorezko Kadetea bizi duen une gozoari jarraipena emateko asmoz zelairatuko da igandean. Pabloren mutilek bolada ona harrapatu zuten eta handik atera gabe dabiltza azken aldian. Egunerokotasunari garrantzirik kendu gabe, asteburutan ikusten ari garenak geroz eta itxura hobea dauka eta horren islada dira azken jardunaldietan lortutako emaitza bikainak. Aurrean Martutene izango dute, azken 5 partidetan 3 garaipen lortu dituena eta 14 punturekin 12.postuan kokatuta dagoena .Lan bikaina egiten ari den arerioa izaki, taldeak lehen minututik intentsitate eta ardura handiz jokatu beharko du bolada onari jarraipena emateko eta, era horretan, beste hiru puntu batzeko.
Partida igandean 10:15etan Berioko instalazioetan.
INFANTIL HANDI
Bueltan dira Txakarren mutilak abenduko zubian izandako atsedenaldiaren ondoren. Ez da nolanahiko itzulera gainera, izan ere, aurrean Errealarekin lidergoa partekatzen duen Martutene izango baitu. Taldea murgilduta dagoen formakuntza prozesuan aberasgarria den testuingurua izango da zalantzarik gabe, taldeak dituen balioak eta hilabetero lortzen ari diren ikaskuntzak erakusteko gai izan behar dutelako mutilek halako egoeretan. Ondorioz, mutilak, disfrutatu eta partida zuek dakizuen bezala lehiatu. Eutsi goiari.
Partida igandean 11:00etan Martuteneko futbol zelaian.
INFANTIL TXIKI
Uritzen Infantil Txikia ere bueltan da eta kasu honetan etxean jokatuko du igande goizean. Taldeari ikusi diogun hobekuntza berau osatzen duten kide guztien lan neketsuaren eta dedikazioaren emaitza da. Konpetentzia handia duten arren, taldeak etengabeko ikaskuntza eta jokalari bakoitzaren hazkundea sustatuko duen giroa lantzeko ikuspegi nagusiarekin jarraitzen du. Oiartzunen aurkako partidan bide berdinetatik jarraitzen saiatuko dira, gauzak zail jartzen saiatuko den talde gogor eta indartsua izanik arerioa.
Partida igandean 12:00etan Berioko instalazioetan.
ALEBINA
Alebinekin giro zirraragarrian murgiltzen gara beti, izan ere, gure jokalariek jokorako grina adierazteko prest daudela erakusten dute aukera duten bakoitzean, eta ez da gutxiagorako izango asteburu honetan Internazionalaren aurka jokatuko duten partidan. Jardunaldi berri bat jokatzeko itxaronaldiak are gehiago areagotu du ikasi dutena eta talde gisa nola hazi diren erakusteko gogoa. Gozatu, mutilak.
Partida igandean 12:00etan Matigoxotegiko futbol zelaian.
