
Etxeko bolada onarekin jarraitzeko gogoz ekin zion partidari emakumezkoen lehen taldeak. Hasieratik aukerak sortzen hasi zen eta, zelaiaren egoera onena ez bazen ere, aurkaria baino gehiago izan zen. Horrela, 31. minutuan, Kirak ateratako korner bat lehen zutoinean errematatu zuen Arik, talde urdina aurretik jartzeko. Pozak gutxi iraun zuen; izan ere, bost minutu geroago, ondo defendatu ez genuen falta batean, Ugaok berdintzea lortu zuen, eta berdinketa horrekin iritsi ginen atsedenaldira.
Moralesen taldea aldageletatik atera zen ideiak argi zituela, eta gauzak ondo eginez gero, gola iritsiko zela sinetsita. Horrela, 70. minutuan, Luciak ateratako falta sare barrura bidali zuen Arik, 2-1ekoa sartu eta bere bigarrena lortuz. Talde antiguotarrak abantaila handitzeko aukerak sortzen jarraitu zuen, baina 89. minutura arte Ainhoak area barruan baloi bat irabazi eta 3-1ekoa sartu zuen.
Partida ona izan zen gureena, zelaiaren egoerara egokitzen jakin baitzuten mahai gainean kolpe bat eman eta hirugarren postuan jartzeko, lidergotik bi puntura. Taldeak jada igandeko partida du buruan, Anaitasunaren aurka jokatuko baitu Txerloia zelai politan, bolada ezin hobean iritsiko dena eta gureak ahalik eta gehien ahalegintzera behartuko dituena.
Meritu handiko hiru puntu.
