Ohorezko Jubenilak merezitako atsedena izango du asteburu honetan, 2024ko lehena, hain zuzen ere. Iñigo Mendiaren mutilek intentsitate handiko bi hilabete bizi dituzte. Lehenik eta behin, inoiz ahaztuko ez dugun egunean Cadizen aurka lehiatu genuen Errege Kopan. Ligari dagokionez, 3 garaipen, 3 berdinketa eta 2 porrot erdietsi ditugu, sailkapenaren goialdean jarraitzeko balio duten emaitzak izanik. Bestetik, Aritz Conderen agurra ere bizi genuen urtarrila amaitzerakoan, Athleticek fitxatu baitzuen aurrelari gaztea. Orain, ondorioz, atseden hartzeko unea da, indarrak hartu eta denboraldiari ahalik eta era hoberenean agur esateko garaia izanik.