
U.D. Logroñesen instalazio zoragarrietara joango da gizonezkoen lehen taldea larunbat honetan bertan 17:00etan hasiko den partidua jokatzera. Partida berezia, zalantzarik gabe, erabakigarria izan daitekeelako Errege Koparako sailkapena lortzeko.
Sailkapenean 22 punturekin, Antiguoko, Logroñes eta Alaves berdinduta daude, eta oraingo honetan lehen biek elkarren aurka jokatuko dute. Bi taldeek porrota jaso zuten azken jardunaldian: gure taldeak 1-2 San Juanen aurka, eta Logroñesek Osasunaren aurka galduzIruñean. Bi taldeek nahi dute estropezu hori harri bat besterik ez izatea Kopako plaza irrikatu horretarako bidean.
Oroitzapen handiak datozkigu iaztik, agertoki honetan bertan eta abenduan, ia urtebete. Orduan Gazpiok zuzentzen zuen taldeak 2-0 kontrako bati buelta emateko gai izan zen azken bi golak luzapenean sartuz. Iraganetik bizi ez dela diote, baina oraindik irauten duen eta bidea markatzen duen oroitzapena da: azkeneraino saiatzen bazara, saria gertuago egongo da.
Denboraldi bateko eta Ohorezko Maila bezalako kategoria baten gorabehera klasikoekin iritsi gara honaino, baina ilusioz eta konfiantzaz gainezka egon behar dugu. Otxotok zuzentzen duen taldeak erakutsi du zer egiteko gai den. Garaipen batek animozko eta konfiantzazko errefortzu handia ekarriko luke, eta, gainera, 2025 ongi ixteko balioko luke. Izan ere, gogorra izan arren, elkarrekin egin diogu aurre, une zailenetan sufrituz eta altxatuz.
