
Bigarren taldearen garaipen bikaina, hirugarren taldearen porrot mingarria eta alebinaren partidu iraulketa dira asteburu honek utzi dituen memento batzuk. Jarraian errepasatuko ditugu gizonezkoen egituran izandako partida guztien nondik norakoak.
JUVENIL B 6 – 1 BEASAIN K.E.
Azkenean Iritsi da hainbeste merezitako Berioko lehen garaipena, izan ere, gure bigarren taldeak, ahalegin eta merezimendu handiak tarteko, ezin izan zuen larunbat arte garaipenik erdietsi etxeko talde gisa. Aurretikoan esan eran, jokalariak ez ziren fidatzen sailkapenak zioenaz, kategoria honetako partida bakoitza amaiera arte eta indar guztiekin lehiatu behar baita.
Taldeak larunbatean nortasun handiz eta nagusitasunarekin jokatu zuen partida. Joko erritmo altuarekin, Beasainen atzekaldea zigortu zuen. Aldamaren pase izugarri batek ekarri zuen lehenengo gola, non Enaitzek sartu ezin izan zuen alderatzea Mancik bidali zuen ate barrura. Sariak, ordea, gutxi iraun zuen, Beasainek korner baten bitartez berdintzea lortu baitzuen. Taldeak lanean jarraitu eta Manciren beste gol batekin lau minutura aurretik jarri zen berriro ere. Horrekin konformatu ez eta Olasak bikain definitu zuen azkar ateratako falta bat. 3-1 atsedenaldira.
Bigarren zatiko hasierako minutuak nahiko gorabeheratsuak izan ziren, bi taldeek trantsitatu baitzuten behin eta berriz. Hala ere, berriro ere urdinak izan ziren markagailua mugitu zutenak, Enaitzek 4.gola sartu baitzuen. Handik aurrera, taldeak baloi jabetza beste modu batera erabiltzen hasi zen, eraso azkar eta zuzenekin, blokea metro batzuk atera botaz. Era horretan, Enaitzek Nabilen pase eder bat jaso zuen eta bere bigarren eta taldearen bosgarren gola sartu zuen (5-1). Azken minutuetan Errandoren gol bikain batek partida amaituta utzi zuen. Merezitako garaipena eta gozatua Berion. Hurrengo geltokia, Getxo.
LAKUA C.D. 2 – 1 JUVENIL C
Badaude porrota mota asko, baina benetan mingarria izan zen igandean gure hirugarren taldeak jaso zuena. Lehen zatian Lakua nagusiago bat ikusi genuen, eroso jokatuz, azkar konbinatuz eta aukerak sortuz. Era horretan, kosta egin zitzaieen gureei zelaiko bereizgarriei egokitzeaeta ez zen kontu erraza izan baloiaren jabetza izatea. Hori gutxi ez balitz, genituen bi ordezko bakarrek 20.minutuan berdegurenatu behar izan zuten, bi jokalariren lesioen medio. Ordezkorik gabe iada. Etxekoen aukera garbiena Alainek geratu zuen penaltia izan zen, horren ondorioz atsedenaldira hutsera iritsi ginelarik.
Bigarren zatian taldeak ordenatuago eta hobeto defendatzea lortu zuen, eta berdinketa lortzeko bidean esfortzu handia egin zuen, etengabeko laguntza eta jokalarien arteko babes handiagatik. Hala ere, Lakuak partidan nagusi izaten jarraitzen zuen eta 1-0ekoa lortu zuen. Hori nahikoa ez eta beste kide bat zorabiatu eta taldeak 10ekin amaitu zuen partida. Hala ere, konpromezu eta bihotz ikeragarriarekin taldeak borrokan jarraitu zuen, amore eman gabe eta puntua bilatuz. Gariren gola area kanpotik gol ikeragarria izateaz gain poz izugarria izan zen (85.minutuan). Oraindik asko gelditzen zen, epaileak 10 minutu eman baitzituen luzapenean. Zoritxar handiz, 98.minutuan penalti bat izan genuen aurka, eta Lakuak ez zuen barkatu, 2-1ekoa eginez. Taldearen jarrera txalogarria ez zen nahikoa izan puntuak Antiguara ekartzeko. Animo, mutilak.
DEPORTIVO ALAVES 2 – 2 KADETEA A
Puntu handia lortu zuen Iker Mendiluzeren taldeak Ibaian, talde babazorroa nagusi izan zen partidan, batez ere lehen zatian. Deportivo Alaves eroso samar ateratzen zen baloi-irteeran, eta talde urdinak atzeraka korrika asko egin behar izaten zue. Baloiarekin ez geunden ondo, defentsa fasean ere ez ginen batere eroso egon eta etxekoek 39. minutuan aurkitu zuten golaren saria, lehen zatia ia hilzorian zegoenean. Gureentzako golpe gogorra izan arren, merezia zuen etxeko taldeak.
Bigarren zatiko lehen minutuan berriro sartu zuen gola talde gasteiztarrak, ondo defendatzen jakin ez genuen jokaldi batean. Baina amore eman eta partidari aurpegia galdu beharrean, taldea behetik gora joan zen jokaldiak igaro ahala eta hiru minututan partida modu eraginkorrean berdindu zuen. Lehenengoa, ezker hegaleko barnekadan paretarekin jokaldi on bat egin ondoren, atezainaren atean sareratzeko, eta bigarrena, atezainarentzat ezinezkoa zen jaurtiketa altu baten ondoren. Une horretatik aurrera partida hautsi egin zen eta balantza edonoren alde jarri ahal izan zen. Amaierako berdinketa, zalantzarik gabe, esfortzu handiaren ondorio izan zen. Aurrera.
OIARTZUN K.E. 0 – 1 KADETEA B
Partida garrantzitsua eta zaila zen gure lehen urteko kadeteak aurre egin behar ziona. Etxetik kanpo Oiartzunen aurkako partida geneukan, hortaz, azken jardunaldietan izan dugun dinamika positiboa berresteko.Lehen zatia oso lehiatua izan zen, non e aukera argienak izan genituen, Aurkariari dagokionez, talka egitea, duelura eta bigarren baloietara joatea gustatzen zaien talde boteretsua da, eta 1. eremutik 3. eremura bitarteko egoerak bilatzen ditu aurrelariari baloi zuzenak jaurtitzeko. Etxeko taldearen arrisku aukerak geldikako jokaldietan zetorren batez ere, eta, dezente eman arren, egoera horiek behar bezala kontrolatu genituen. 0-0ekoarekin atsedenaldira joan ginen.
Bigarren zatia dinamika berarekin hasi zen, eta urrun zegoen zentralaren bizkarrean eragin genuen, staff-etik detektatu zen espazio batean. Hortik aurrera iritsi zen gola, Jonen jokaldi zoragarri baten medio, Joannesi pasea goitik ematen baitio, honek bikainki definituz eta. 0-1ekoarekin aurkariak gogor ekin zuen, bigarren baloi asko irabazi zituen eta. Hala ere, taldeak kemen handia izan zuen jokaldi horiei eta zelaiko giro urduriari aurre egiteko. Azkenean, golik jaso ez genuen beste partida bat irabazi genuen, eta 4 jardunaldi jarraian dira datu horiekin. Sentsazioak oso positiboak dira eta emaitzen dinamika goranzkoa izaten hasia da.
C.D. SAN MARCIAL 1 – 2 INFANTIL A
Txakar taldearen garaipen landua San Jose Obreron. Ondo jokatu genuen lehen zatian, baloiarekin nagusi izan ginen talde indartsu baten aurka, ondo presionatzen baitzekiten eta trantsizioetan deseroso jartzen gintuen. Azkarragak 0-1ekoa jarri zuen 4. minutuan baina etxekoek hiru minutura erantzun zuten 1-1ekoa lortuz. Hala ere, behin betiko gola 12. minutuan iritsiko zen, Markelen eskutik. Atsedenaldira 1 eta 2ko markagailuarekin iritsi ginen.
Bigarren zatian etxeko taldeak asko estutu zuen eta horrek ideia falta ekarri zuen, zelai erdia eta ondorioz partidaren kontrola galduz. Itxaronaldia luzea egin zen, baina tarte horretan taldea asko sakrifikatu zen, borrokatuz eta lehiatuz, eta horren ondorioz atea itxi zuen defentsa ariketa on batekin. Sufrituta, garaipen handia lortu zuen talde urdinak, konfiantzaz ekiteko asteari eta ikasten jarraitzeko entrenamendu-saioetan.
INFANTIL B 2 – 2 KOSTKAS K.E.
Donostiar derby zirraragarria larunbat goizean Berion bizi izan genuena. Kostkas hobeto hasi zen eta aurrelariaren jokaldi on baten ondoren lehenengo gola lortu zuen. Talde urdinak norgehiagoka berdindu zuen, Barrioren jaurtiketarekin, ezkerretik garatutako jokaldi bikain batekin. Lehen zatiaren amaieran, ordea, Kostkaseko erdiko atzelariak areaz kanpoko falta bat sareratu zuen bigarrena sartzeko.
Bigarren zatian Uritzen taldeak baloi gehiago izatea eta min gehiago egitea lortu zuen. Barrioren falta jaurtiketa baten bidez partida berdindu eta amaiera irekia utzi zuen. Bi taldeek gol bat sartzeko meritu nahiko egin zituzten arren, 2-2koarekin itxi zen markagailua. Merezitako berdinketa eta prozesuarekin jarraitzera.
ORIOKO F.T. 2 – 3 ALEBINA
Ez zen talde urdina ondo sartu partiduan eta lehenengo zatian oriotarrak 2-0 jarri ziren aurretik, areaz kanpo botatako bi jaurtiketa bikainekin. Merezitako emaitza zen bi taldeek egindako merituei erreparatuz gero.
Bigarren zatian, talde urdinak aukera gehiago sortzen hasi zen eta horren ondorioz berdintzea lortu zuten Iurgi eta Hugoren golei esker. Hirugarren zatian, taldeak burubelarri bilatu zuen garaipena emango zion gola, eta, era horretan, Lukasek lortu zuen golari esker markagailua 2 eta 3koa izan zen.
Partidu gogorra, baina Antiguokok, grina, borondate eta ilusioz aurka zuen emaitza irauli egin zuen. Gure alebinak beste partida bat izango du datorren astean, Añorgaren aurka jokatuko duen norgehiagokan.

