
Lehiaketa Ofiziala hastera da gure hiru talderentzat. Izan ere, B eta C Jubenilek eta A Kadeteek liga izeneko erronka berri bati ekin diote. Zorte handia hirurontzat, ziur primeran egiten duzuela. Bestalde, gainerako taldeek denboraldiaurrean murgilduta jarraitzen dute, lagunartekoekin minutuak banatzeko eta joko-eredua sendotzeko.
Jubenil Nazionala
Prest da Gazpioren taldea ligari ekiteko. Horretarako, Ohorezko Mailatik jeitsi berria den Cultural Durango izango du aurrean. Talde bizkaitarrak ez zuen denboraldi erraza izan pasa den kanpainan, eta goiko postuetan egoteko asmo irmoa izango du. Gureak ilusioz gainezka daude, eta estreinakoa Berion izatea pizgarri da zalantzarik gabe. Aurredenboraldiko sentsazioak oso onak izan arren, horiek ligako testuinguruan inplementatzeko garaia da, eta badakigu ez dela erronka makala. Konfiantza guztia dugu zuengan, denok elkarrekin goazen lehenengo garaipenaren bila. Aupa mutilak, zorte on!
Partida larunbatean 17:00etan Berioko instalazioetan.
Euskal Jubenila
Jaietan aurkitzen den herri batean jokatuko du Gariren taldeak, Hondarribian. Beti berezia den liga bati hasiera emango dio 2008ko belaunaldiak, eta lehen jardunalditik bere aurpegi onena erakutsi nahi du taldeak. Horretarako, badaki akatsik gabeko eta arreta maila altuko partida egin behar duela, aurrean maila handiko arerioa izango baitu, aurreko liga erregularrean talde urdina birritan irabazteko gai izan zelarik. Egiaren unea da mutilak, zuen maila erakutsi eta konfiantza guztiarekin zelairatu.
Partida larunbatean 17:00etan Hondartzako instalazioetan (Hondarribia).
Euskal Kadetea
Kostkasen aurka jokatuko du ligako lehen jardunaldia Julenen taldeak, atarian derbi bat dugularik ondorioz. Aurredenboraldi luze, landu eta emankor baten ostean, prest da taldea bere mailarik onena erakusteko. Ez du erraza izango, izan ere, talde bisitariaren blokea gainditzeko fin aritu beharko dugu baloiarekin. Horrez gain, aintzat hartu behar dugu etxean izango dela partida, eta Berioren indarra hasieratik demostratzea garrantzitsua izango da.
Partida igandean 17:00etan Berioko instalazioetan.
Lagunartekoak
Lagunartekoek ez dute etenik talde batzuentzat. Horietako bat dugu Ohorezko Kadetea. Izan ere, Iraolaren mutilek lehia konplexua izanen dute aurrean, Lezamara bidaiatuko baitute Athleticen aurka lehiatzeko. Partida berezia izango da mutilentzat, eta testuinguru oso interesgarri eta emankorra biziko dute ligako prestakuntzan murgilduta dauden honetan. Larunbatean 12:00etan neurtuko dituzte indarrak.
Horrez gain, emakumezkoen egituran zentratuz, Ohorezko Mailak eta Ohorezko Kadeteak eguna elkarrekin pasako dute Derion. Lehenengoek, Endikaren gidaritzapean, Derio eta Indartsuren aurkako triangular bat izango dute; bigarrenek, aldiz, Derio bera eta Leioa izango dituzte aurkari.
Beste lagunarteko bat izango dute ere Celarenek, kasu honetan Nafarroan, eta zehazki Sarriguren futbol zelaian. Bertan, Mulier taldeari bisita egingo diote. Aurredenboraldia aurrera doan heinean, nabari da taldea kontzeptu eta kohesio aldetik hazten ari dela, eta espero dugu bide beretik jarraitzea liga hasiera horretara ahalik eta ondoen iristeko. Partida larunbatean izango da, 12:30etan.
Azkenik, Gurruren Lehen Kadeteak Haraneko futbol zelaian, Usurbilen, jokatuko du lagunartekoa. Taldea kadete mailara egokitzeko prozesuan murgilduta dago oraindik, eta horretarako, era honetako lagunartekoak oso lagungarri dira. Igandean 10:00etan hasiko da norgehiagoka.
