Aginte-kolpea Bizkaian. Emakumezkoen lehen taldeak denboraldiko lehen garaipena lortu zuen etxetik kanpo Ugaoren aurka, 1-5eko emaitzarekin Euskal Ligako bigarren jardunaldiko partidan. Moralesek zuzentzen duen taldeak partida oso ona sinatu zuen hiru puntuak Antigua auzora eramateko.

 

Norgehiagoka ezin hobeto hasi zen neskentzat. 3. minutuan, korner baten ondoren, Olaiak aldaratze bat baliatu zuen area barruan eta ez zuen barkatu 0-1ekoa egiteko. Golak konfiantza eman zion taldeari, eta nagusi izaten jarraitu zuen, abantaila handitzeko aukera ugari sortuz. Saiakerak saria izan zuen 33. minutuan, erasoko konbinazio handi baten ostean Lorenak 0-2koa sinatu zuenean. Hiru minutu geroago, beste korner batean, Ainhoa area barruan agertu zen 0-3koa sartzeko, eta emaitza horrekin iritsi zen atsedenaldira, Moralesen neskek lehen zati bikaina egin ondoren.

 

Bigarren zatia hasi eta berehala, Ugaok eraso azkarra baliatu zuen aldeak murrizteko (1-3). Golak hegoak eman zizkien etxekoei, eta euren minuturik onenak erasoko presentzia handiagoarekin izan zituzten. Hala ere, taldeak txukun eta izaeraz defendatzen jakin zuen, Nahiak defendatutako atea zulatzeko ia aukerarik eman gabe. 75. minutuan, Eskik pase bikaina eman zion Ainhoari, eta honek kalitate handiz definitu zuen 1-4koa sinatzeko. Azken momentuetan, Carmenek, elastiko urdinarekin debuta egin zuelarik, penalti bat probokatu eta berak baliatu zuen, 1-5ekoarekin markagailua itxiz.

 

Partida oso serioa taldearena,  azken asteetan egiten ari den lana erakutsiz zelai barruan. Etxetik kanpoko lehen garaipen honek taldearen konfiantza indartzen du eta maila zorrotz honetan jarraitu beharreko bidea markatzen du. Taldeak hurrengo konpromisoan pentsatzen ari da, igandean Anaitasunaren aurka Berion.