GAZTEEN LIGA NAZIONALA

SD Leioa liderraren aurkako norgehiagokan balio askoko berdinketa lortu ondoren, aste honetako erronka ere ez da atzean geratzen. Geure bigarren taldeak SD Eibar talde armagina hartuko du Berion eta bolada onean jarraitu nahi du jokatu diren azken bost jardunaldietan bezala. Orain dela aste batzutik bederatzigarren postuan egonkortu gara sailkapenean eta denboraldiaren azken herenean gora egin nahi dugu, ahalik eta hobekien amaituaz. Armaginek garaipena eskuratu zuten jokatutako azken partidan Errealaren aurka eta beraz animoak gorenean dituztela etorriko dira. Partida oso interesgarria jokatzeko duguna.


Partida larunbatean 17:25 tan Berioko futbol zelaian.


GAZTEEN EUSKAL LIGA

Gazteen Euskal Ligako taldeak beharrezko garaipena lortu zuen xamurra ez den arerio baten aurka, hots, CD Betoño gasteiztarren kontrakoan emaitza benetan bikaina lortu genuelarik. Azken asteetako boladari amaiera eman zaio beraz eta berriro beste dinamika on bat hartu nahi du taldeak, gaur egun bederatzigarren postuan kokatuta gaudelarik. Asteburu honetan CD Ariznabarra talde gasteiztarrari eginen diogu bisita, gu baino puntu bakar bat gehiagorekin dago sailkapenean eta beraz aukera ona da beste postutxo bat aurreratzeko. Gogoz dago taldea jarraian bigarren garaipena lortzeko eta gainera etxetik kanpo lortzeak duen balio erantsiarekin. Bigarrena jarraian lortu baietz.


Partida larunbatean 15:45 tan Ariznabarrako futbol zelaian.


KADETEEN EUSKAL LIGA

Iker Larrañagaren mutilek Eibarreko Unbe kirol instalakuntzetara eginen dute bisita larunbata eguerdian. CD Vasconiaren aurkako lehian gailendu ostean lehen itzuliko azken partidan, oraingoan bigarren fase honetako bigarren itzuliko lehen partida jokatuko dute talde armaginaren aurka. Joanekoan geure taldeak partida ona eginagatik, eibartarrek markagailua iraultzea lortu eta garaipena eskuratu zuten partidako azken minutuetan. Aurrekoan izandako zapore hori kentzen saiatuko da beraz taldea eta horretarako aukera baliatu nahi du aste honetan zehar. Bultza mutilak.


Partida larunbatean 12:30 tan Unbeko Kirol Instalakuntzetan.

 

KADETEEN OHOREZKO MAILA

Oiartzunen porrot mingarri bat jaso ondoren, ez dago liderra jasotzea baino motibazio pizgarriagorik garaipenera bueltatzeko. Joaneko partidan Zubietan gailentzea lortu genuen eta oraingoan ere zapore berbera dastatzeko gogo biziz daude geure jokalariak. Erreala lider nahiko sendoa da sailkapenean baina hauek ere urtean zehar puntuak utziz joan dira eta geureek ondotxo dakite zer partida egin behar duten hiru puntuak poltsikotzeratzeko. Konfiantza handia dugu talde onengan eta hauek ere maila handiko lehiakortasuna erakutsiz dihardute denboraldi osoan zehar. Lerro hauetatik klubeko estamentu denei deiadar egiten diegu igandean Beriora taldea animatzera etortzeko. Partida handia espero da eta denon artean lortuko dugu garaipena.


Partida igandean 12:10 tan Berio futbol zelaian.


INFANTILEN OHOREZKO MAILA

Zizurkilen aurreko ostiralean partida benetan gogorra jokatu ostean eta ongi landu behar izan zen puntua eskuratuta, Azkoitiako Anaitasuna FT hartuko dugu larunbatean Berion. Taldea ondo ari da eta sailkapeneko gorenean kokatuak egonagatik, ez da konformatzen eta garaipen gosez jarraitzen du. Azkottiarrek ez dute haien puntuazio zenbakia estrenatzeko aukerarik izan oraindik eta ilusioz gainezka etorriko dira ziur. Geureek beraz lehen postu hori indartu eta sentsazioak errekuperatu nahi dituzte. Hala izan dedila.


Partida larunbatean 12:20 tan Berio futbol zelaian.


INFANTIL TXIKIA

Orion jokatuko dugu aurreko astean atzeratuta geratu zen norgehiagoka. Aurkariek baina partida bat gutxiagorekin bigarrenak jarraitzen dugu sailkapen nagusian eta beraz, lehen postua berreskuratzeko aukera izanen dugu Mendibeltz futbol zelaian jokatu den neurketan. Orioko FT ez da inoiz ondo dakigun bezala arerio erraz bat eta oso ongi lehiatzen duten taldeak izan ohi dira. Beraz eta eginkizuna zein den ondotxo jakinda joanen da taldea partidara. Animo eta goazen lehen postuaren bila.


Partida larunbatean 12:00 tan Mendibeltz futbol zelaian.